Leire Arana: "Kultura matematikoa indartu du COVID-19ak"

Jone Olabarria 2021ko urt. 23a, 10:56
Leire Arana, eguaztenean, Arizmendi ikastolako Almen gunean.

Bost urte bete berri ditu aretxabaletarrak 2016an abiarazi zuen matematiketan.eus blogak. Matematikak COVID-19aren garaian hartu duen garrantzia azpimarratu du Aranak.

Ipuinak eta matematika sarrera izan zen Leire Arana Arizmendi ikastolako matematikako irakasleak bere blogean idatzi-tako lehen artikulua, 2016ko urtarrilaren 14an. Bost urte igaro dira ordutik hona, eta denbora tarte horretan blogak bizi izan duen bilakaeraren berri eman du Aranak.

1.500 jarraitzaile, 435 harpide...Espero zenuen halako harrera?

Pozik nago harrerarekin, baina, batzuetan, lotsatu ere egiten naiz 1.500 jarraitzailerekin pozik nagoelako. Nire txikitasunean, konturatzen naiz Euskal Herri mailan, hezkuntza sistema ezberdinetan, interesa pizten duela, badagoela egarri bat, eta honek moduren batean erantzuten dio egarri horri. Hala ere, oso amateurra da; ni nire lanean nago eta beti esaten dut laugarren umea bezala dela bloga, ordu txikitan elikatutakoa.

COVID-19aren ondorioz, garrantzi berezia hartu dute datuek...

Ikuspegi matematikotik aztertuta oso interesgarria da gauzatzen ari den olatua; bat-batean, estatistikak interpretatzen jakitea oso garrantzitsu bilakatu da, garai batean batxilergoan bakarrik ikusten genituen grafiko motak ikusten dira komunikabideetan, portzentajeak, datuak... Kontzeptu matematikoak oso modu naturalean era-biltzen ditugu orain; R0 indizea, 100.000 biztanleko intzidentzia tasak... Izan ere, koronabirusak kultura matematikoaren indartzea ekarri du.

Blogeko datuei erreparatuta, biderketak dira artikulu irakurrienak.

Berrehun artikulu baino gehiago daude blogean, batzuk praktikoagoak, beste batzuk teorikoak... Praktikoen artean ere jolasak, ariketak, proposamenak eta erronkak daude, eta gehien irakurtzen direnak biderketa taulak lantzeko modu ludikoak dira. Oso kuriosoa iruditzen zait, eta, seguruenik, erlazioa du jendeak biderketak egitea memoria kontu batekin lotzen duelako, baina zati bat konplexuagoa da adin tarte horretan kenketaren kontzeptua ulertzea.

Semearen zalantza batetik abiatuta, tabletaren bateria kargatzeko denborarekin ariketa bat duzu...

Semeak berak bota zuen galdera: "Zenbat denbora behar du tabletak bateria betetzeko?". Proposamena ere semeak egin zuen: "Hurrengo %1 betetzen zenbat denbora behar duen kontatzea eta hortik orotara zenbat denbora beharko duen kalkulatzea". Eguneroko gauza askori atera ahal zaio etekin matematikoa, hori da ideietako bat ere nire matematikaren planteamenduaren baitan. Kasu horretan, ni, nire semea eta bere interes-gunea ginen, baina ikasgela batean interes-gune asko dituzu denei heltzeko. Gakoetako bat, baina, hori da; interes-gune batetik abiatu beharra dago, nahiz eta kontuan izan behar diren gidatzen duenaren intuizioa.

Proposatzen dituzun ariketen artean zerk sortzen du interesa?

Sektore ezberdinek kontu ezberdinak kontsultatzen dituztela esango nuke, nahiz eta hau nire irakurketa den. Nik defenditzen dudan kontuetako bat, LHn, batez ere, kontzeptu matematiko gehienak fisiko egin daitezkeela da, ikusgarri eta ukigarri. Zelan egin azaltzen dut, eta inprimatzeko jartzen ditut, kasu batzuetan, ariketak. Halakoak asko erabiltzen dira, eta, normalean, irakasleak izaten dira. Beste asko ere desafio eta logikarekin lotuak daude.

Zein da asmoa hemendik aurrera?

Hasierako urteetan, hausnarketa pertsonal gehiago zegoen blogean, eta orain, adibide praktiko zehatz gehiago jartzen ditut. Uste dut oraindik urrats asko egin behar direla hemen; irakasleok tradizio matematiko instruktibista eta memoristikotik gatoz, eta hori apurtzea ez da erraza.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak