Jaiki elkarteak dantza saioei berrekingo die

Mirari Altube Arrese 2021ko urt. 15a, 16:10

Jaiki elkarteko kideak dantzan joan den zapatuan, Sarek antolatutako ekitaldian.

Atzo, eguena, itzuli ziren Jaikiko kideak kuartelean duten aretora, profesionalak ez diren dantza taldeek lanean hasteko baimena jaso ondoren; pandemiaren eraginez, azarotik egon dira geldi eta trebakuntza saioei berrekiteko gogotsu zeuden.

Izugarri poztu ziren Jaiki elkarteko kideak astelehenean; izan ere, LABIk orduan erabaki zuen dantza talde profesionalak ez diren dantza taldeei entseguak egiteko baimena ematea. Hala, Udalarekin harremanetan jarri  eta kuartelera itzultzeko baimena lortu dute. Azaro erditik geldi egon ondoren, atzo, eguena, elkartu ziren dantzei berrekiteko.

Entseguak eta sorkuntza-piezak

"Ez genuen ulertzen zergatik ezin ginen elkartu. Entseguak eta profesionalak ez diren ikuskizunak debekatu zituzten baina ez trebakuntzak eta gu formazioa eskaintzen genuela esan genion Udalari", azaldu du Maier Etxebarria kideak eta gaineratu: "Erakunde pribatuek zein publikoek eskain zitzaketen formakuntza saioak eta gu elkartea bat garelako, ez? Ezezko asko jaso ditugu eta esperantza galtzen hasita geunden".

Ikasturteari urrian ekin zioten, eta sei bat astez jardun ondoren geratu beharrean izan ziren. Astelehenetan swing eskolak dituzte, eta eguenetan, inprobisaketa dantzak, hau da, bat-bateko konposizio dantzak. "Eskolen falta mordoa igarri dugu. Etxean egin dezakegu dantzan, baina ez da berdina norbere kontura jardutea edo taldean eta irakasle baten aginduei jarraituta aritzea". Taldeko kopurua moldatu egin beharko dute orain, sei izan behar delako gehienez, baina antolatzeko ez dutela arazorik argitu du Etxebarriak.

Eskolak jasotzeaz gain, sorkuntza-piezak egiten ere hasita dago Jaiki. Azaroaren 25aren harira Arrasaten egin zuten horietako bat, eta Izan bidearen bueltan antolatutako mosakoietan ere hartu dute parte Aretxabaletan eta Arrasaten. "Aurrera begira ere baditugu proiektu pare bat buruan. Baina horretarako, entseguak egiteko leku bat ezinbestekoa dugu", dio Etxebarriak.

Musika taldeen entsegurik ez

Musika talde ez profesionalek, ostera, ez dute entseguak egiteko aukerarik izango oraingoz. Ainhoa Cabero Kultura zinegotzia penatuta agertu da eta talde guztiei zabaldu gurako lieketela kuarteleko ateak dio: "Badakit ondo moldatuko liratekeela, ondo beteko lituzketela neurriak". Musika taldeak haserre egotea ere ulertzen duela adierazi du, eta aukerak aztertzeko harremanetan daudela gaineratu.

Kuartelean lokala duen taldeetako bat da Nhil, eta bertako kide Asel Errasti: "Profesionala izatea zer den galdetzen dugu guk. Famatua izatea? Kontratu bat izatea? Gure proposamena izango litzateke Aretxabaletako taldeei kontratu bat egitea herrian emanaldiak egiteko; kontratu profesional horrekin entseguak egiteko aukera izango genuke". Gaineratu du kuartelean ez litzatekeela arazorik egongo: "Gelak indibidualak dira, hortaz, positibo bat izanez gero kontrolatua izango litzateke". Kultura Sailetik harantzago joan eta alkatearekin egoteko asmoa dutela gaineratu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak