Rakel Perez de Arenaza arrasatearrak hamahiru akuarela jarri ditu ikusgai Arkupen

Mirari Altube Arrese 2021ko urt. 13a, 17:11

Nire akuarelak izenaren baitan tamaina handiko hamahiru lan jarri ditu ikusgai Rakel Perez de Arenaza arrasatearrak Arkupeko erakusketa aretoan. Kaleko paisaia edo paisaia urbanoa erakutsi gura izan du eta Aretxabaleta dute gai gehienek.

Argi-ilunekin jolas egin gura izan du akuarelatan: "Argiaren bitartez egindako jokoak landu ditut". Aretxabaleta eta inguruak, –Urkulu, esaterako– erakutsi ditu hamar lanetan eta gainerako hiruretan Arrasate. "Paisaia urbanoak gurago ditut nik, joko handia ematen dute; izan ere, edozein elementurekin egin daiteke lan bat. Paisaia naturalak betikoak dira, oso politak baina…", dio Perez de Arenazak.

Kalean bertan margotzea du gustuko: "Baina beti ezin da; neguan gaude... Horregatik argazkiak atera nituen kaleetan eta gero etxean lan egin". Lehen aldiz margotu ditu halako tamaina handikoak eta esperientzia polita izan dela dio: "Akuarela oso zaila da eta tamaina handia ez da samurra maneiatzeko, baina gustura nago esperientziarekin".

Autodidakta

Aspaldi hasi zen pintura-lanak egiten margolari arrasatearra, eta irakasle batzuk izan baditu ere autodidakta da: "Nik gura nuena ez nuen lortu horiengandik. Orain topatu dut eta oso gustura sentitu naiz".

Orain dela lau bat urte ere erakutsi zituen lanak Arkupen: "Gurutze Mujika pintore aretxabaletarrak eta biok batera jarri genuen erakusketa orduan; hark olio-lanak eta nik akuarelak eta Urkulu izan genuen gai".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak