Antzezlanei egingo diete lekua urte berriko lehen hilabetean Arkupen. Adin guztietako publikoari zuzendutako ikuskizunak izango dira eta sarrerak dagoeneko salgai dituzte kultura etxeko harreran.
El chef antzezlanarekin etorriko da Erre Produkzioak konpainia domekan, hilaren 10ean (19:00). Gorka Minguez aktoreak sukaldaritzako eskola magistral dotorea eskainiko du, zaporeak, aromak eta testurak nahasteko frustrazioarekin, oroitzapenekin eta inoiz bete ez diren itxaropenekin. Sarrerak badaude orai
Urtarrilaren 15ean, egubakoitzean (19:00), Behibi's Teatro taldeko Patricia Francok norberaren burua behatzeko ariketa egingo du, Trabajos de interior lanarekin. Umore kritikoa eta sarkasmoa erabiliko ditu bizitzaren alde ilunak ateratzeko eta barre egiteko.
Eidabe antzerki taldea, ostera, neska-mutikoendako ikuskizun batekin etorriko da hilaren 17an: Mari eta gaileta fabrika. Eta urtarrilaren 24an, Ramon Agirre, Inazio Tolosa eta Nerea Gorriti igoko dira Zaraia aretoko oholtzara, Gu lehen! lanarekin. Hilabeteari bukaera emango dio Hodei Magoak urtarrilaren 31n, Harriaren abilezia saioarekin.
Akuarelak erakusketa aretoan
Erakusketa aretoan, ostera, Rakel Perez de Arenazaren akuarelak izango dira hilabetea bukatu artean. Nire akuarelak izenarekin hainbat lan ditu ikusgai martitzenetik.
Olatz Salvadorren kontzertua
Musikak ere izango du lekua Zaraia aretoko oholtzan, eta hilaren 21ean, Olatz Salvador abeslari donostiarrak bakarka egindako bigarren lana aurkeztuko du: Aho uhal. 2018an argitaratutako lehenengo lanak, Zintzilik, izandako bide oparoaren ostean, hasiera berri bat iragarri gura du 2021ean estreinatutako disko berriak. Emanaldi "berezia eta barnekoia" eskaintzera etorriko da, bandak lagun eginda.