Urtarrilaren 2an izango da lehenengo ekimena; hain zuzen ere, Perlata talde arrasatearraren kontzertua. Duguna esateko lana aurkeztuko dute 19:00etan.
Urtarrilaren 5ean berriz, haurrei zuzendutako Sagutxo tuntuna antzezlana izango da. Bi eta sei urte bitarteko txikientzat gomendatutako lana da; Dimitri Shostakovich konpositore errusiarraren operan oinarritua dago. Zehazki, bi emanaldi egingo dituzte: 12:00etan eta 17:00etan.
Bost egun beranduago, urtarrilaren 10ean, Gorka Minguez bizkaitarraren eskutik El Chef bakarrizketa hartuko du Zaraia aretoak. Azaldu dutenez, penak, ilusioak eta zoriontasunaren bilaketa jorratzen dituen komedia "dramatiko eta probokatzailea" da, eta sukaldaritzako masterclass bat du oinarri. 19:00etan izango da.
15an, bestalde, Behi Bis konpainiako Patricia Franco aktoreak Trabajo de interior ikuskizuna eramango du oholtzara. Antzezlana gure burua behatzeko "ariketa bikaina" dela azaldu dute: "Introspekzio eta bikoizketa lana, aktore titiriteroak umore kritiko nabarmeneko erregistro batetik egiten duena, sarkasmotik burla errukigabera doana, bizitzaren eta pertsonen alde ilunak ateratzea gustuko duen begirada zeiharretik, eta munduari eta bere buruari barre egiten dakiena".
Eta urtarrilaren hirugarren domekan, 17an, haurrei zuzendutako beste lan bat taularatuko dute: Eidabe antzerki taldearen Mari eta gaileta fabrika ikuskizuna. Zuzendarien arabera, "emakume langileen lanari" egindako omenaldia da.
Bestetik, bigarren kontzertu bat ere izango da urtarrilean: Olatz Salvadorrena, hain zuzen ere. Urte berriarekin batera bere bakarkako bigarren lana aurkeztuko du: Aho Uhal. 21ean izango da, 19:00etan.
Bukatzen joateko, urtarrilaren 24an, Ramon Agirre, Inazio Tolosa eta Nerea Gorritik Gu lehen! antzezlan egingo dute 19:00etan.
Eta azkenik, 31n, 17:00etan, Hodei Magoaren azken lau ikuskizunetako sketchik onenak ikusteko aukera izango da, Harriaren abilezia izeneko saio bakarrean. 17:00etan izango da.
Gainera, hilabete osoan zehar (5etik 31ra), Rakel Perez de Arenaza arrasatearraren Nire akuarelak erakusketa izango da ikusgai.