Laneratzeko laguntza jaso dute herriko hamaika emakumek

Mirari Altube Arrese 2020ko abe. 24a, 10:15

Udal ordezkariak eta programan parte hartu duten emakumeak. Argazkia: Anabel Dominguez

Udalak abian jarritako Zuekin-lan izeneko programan hartu dute parte eta ikastaro baten bidez enplegua bilatzeko orientazio pertsonalizatua jaso, baita adinekoak zaintzeko eta etxeko zerbitzurako prestakuntza ere. 

Zaurgarritasun egoeran dauden emakumeak gizarteratzeko eta laneratzeko Zuekin-lan izeneko programa garatu du azken hilabeteetan Udalak. Hamaika emakumek hartu dute parte, eta, azaroaren 17tik abenduaren 22ra bitartean, enplegua bilatzeko orientazio pertsonalizatua eta zainketa pertsonalei eta etxeko zerbitzuari buruzko prestakuntza jaso dute, baita lan merkatuan sartzeko trebetasunak landu ere. Martitzenean, diplomak jaso zituzten eta ekitaldian Udal ordezkariak ere izan ziren: Gizartegintzako zinegotzi den Karmele Uribarri, eta Enplegu eta Berdintasun teknikari diren Nahia Agirre eta Atsegin Odriozola, hurrenez hurren.

25 eta 55 urte arteko emakumeak

Koronabirusaren lehen olatuan, ordura arte ezkutuan zegoen langabeen profil bat hauteman zela adierazi dute Udaletik: "25 eta 55 urte bitarteko emakumeak, etxeko lanetan eta adinekoen zaintzan dihardutenak, ehuneko handi batean egoera juridiko administratibo irregularrean eta adingabeak ardurapean dituztenak". Konfinamenduan lanik gabe geratu ziren eta Udal Gizarte Zerbitzuetako ateak jo zituzten.

Laguntza ekonomikoa bideratu zieten emakume horiei, Gizarte Larrialdietarako Laguntzen eta Caritasen bidez, baina Udalak "arreta eta abordatze integrala" eskaini nahi izan die eta gizarte eta lan arloko jarraipena egitea erabaki zuen.

Emakume horien ahalduntzea lantzeaz gain, diagnostiko sozio-profesional bat egin dietela parte-hartzaile bakoitzari adierazi dute Udaletik, haien "beharrak, gabeziak eta jarrerak identifikatzeko, gizarteratzeko ibilbide pertsonalizatua definitu aurreko urrats gisa". Etxeko zerbitzuan zaintzako eta arreta emateko ezagutzak eskuratzen ere lagundu diete.

Saioetan eguneroko bizitzarako trebetasunen garapena eta inguruneko baliabideen ezagutza landu dituztela jakinarazi dute. Era berean, enplegagarritasuna hobetzeko estrategiak landu dira (denboraren kudeaketa, irudia, arauak betetzea...), baita zainketa pertsonalak eta etxez etxeko zerbitzua ere (higienea, norberaren garbitasuna, elikagaien eta medikazioaren administrazioa, laguntza teknikoak mendekotasuna duten pertsonak mobilizatzeko, etxea garbitu eta mantentzeko, lisatzeko, erosketak antolatzeko…).

"Abordatze integrala"

Ekimenaren balorazio positiboa egin du Udalak eta Zuekin-lan programaren garrantzia azpimarratu du Gizartegintzako zinegotzi Karmele Uribarrik: "Ez genuen laguntza ekonomikoan bakarrik geratu nahi. Helburua egoera ahulean dauden emakumeei abordatze integrala eskaintzea izan da". Era berean, ikastaroaren edukia nabarmendu du, "egiaztatutako lanbide heziketa baterantz jarraitu beharreko urratsak" erakutsi dizkietelako. 

Emakume horien jarraipena Auzoko programarekin osatzea aurreikusi dute. Hala, eguneroko lanean baliagarrian izan dakizkiekeen euskarazko oinarrizko esaldiak irakastea da asmoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak