Caritasen herriko taldea indartu egin da aurten

Mirari Altube Arrese 2020ko abe. 25a, 15:56

Oier Etxebarria, Paloma Martinez, Lara Garcia eta Vanesa Garcia-Pascual, astelehenean, Caritasen lokalean.

Bi lagunen ardurapean zegoen urte hasieran, baina gaur egun lau dira lanean dihardutenak. Pandemiaren eraginez beharrak areagotu egin dira eta zeregin askoko urtea izan da: 59 familia artatu dituzte, 140 bizilagun inguru, eta 23.650 euro banatu.

Lan askoko urtea izan da Caritasendako, pandemiak ugaritu egin duelako beharrean dauden familien kopurua. Horiei laguntzeko zein egunetik egunera sortutako beharrei erantzuteko lau laguneko lantaldetxoa dago Aretxabaletan; izan ere, Paloma Martinezi eta Oier Etxebarriari batu zaizkie Lara Garcia eta Vanesa Garcia-Pascual. Horiekin harremanetan jarri gura dutenek telefono zenbaki honetara dei egin dezakete: 688 76 80 84.

Itxialdiak, egoera "zaildu"

Laguntza eske doazenei astelehenetan egiten diete harrera, Herriko Plazako lokalean: "Atentzioa eta baliabide ekonomikoak eman dizkiegu; formakuntzaren gaineko informazioa banatu eta Udaleko Gizarte Zerbitzuekin elkarlanean, bertara bideratu ditugu laguntzak jaso ditzaketenak". Aurten, 59 familia artatu dituzte, 140 pertsona inguru, eta, guztira, 23.650 euro banatu.

Martxoan iritsi zen itxialdiak askoren egoera "zaildu" egin zuen: "Diruz laguntzen hasi ginen, Aretxabaletan bizi eta Udalaren laguntzarik jaso ezin zutenei. Adingabe askok eskolako otordua galtzean etxeko gastua asko igoko zela kontuan hartuta erabaki genuen", diote.

Heldu bakoitzeko –edo bikoteko– 50 euro eman zuten astero, eta adingabe bakoitzagatik 50 euro. Laguntza hori jaso zuten 25 familiak, 70 bizilagun inguruk, eta horietako asko –16 familia, 40 pertsona inguru– berriak ziren Caritasen. Martxo eta apiril artean 5.260 euro banatu zituzten, guztira. "Zerbitzuetan lanean zihardutenak izan ziren laguntza jasotako gehienak, lan eta sarrera barik geratu zirenak; izan ere, itxialdiak zuzenean eragin zien horiei, ustekabean eta bat-batean".

Beste era bateko laguntzak

Beste laguntza batzuk ere eskaini ditu Caritasek. Elkartasun sarearekin lankidetzan, esaterako, mikrokredituak –3.300 euro guztira– eman dizkiete hiru familiari, espero ez zituzten gastuei aurre egiteko. Aretxarte elkartearekin elkarlanean, ostera, 10 euroko 500 bonu banatu dituzte herriko dendetan gastatzeko.

Bestetik, Gu Haziak Gara elkartearekin batera, joskintza ikastaroak jaso dituzte bi pertsonek. Eta Bidean tailerrarekin elkarlanean formakuntza jaso dute bost bizilagunek. Gainera, Loratu ekimenarekin lankidetzen jostailu bilketa egin da herrian, eta beharra dutenen artean banatu dituzte jasotakoak.

Inork dirulaguntzarik eman gura izanez gero Caritasi, hona hemen bidea: ES44 3035 0002 19 0020021045.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak