'Kurtzebarritik plazara' ekimena abenduaren 31n, presoak gogoan

Mirari Altube Arrese 2020ko abe. 23a, 16:42
Herriko mendi elkarteetako ordezkariak eta beste hainbat mendizale, deialdiaren kartelak eskuetan dituztela.

Sare herritarrak, Zaraia eta Murrukixo mendi taldeekin eta hainbat mendizalerekin batera, abenduaren 31ko ekimenaren deialdia egin du. Presoen "eskubideak errespeta ditzatela eskatzeko", mendi tontorrean elkartuko dira, 11:00etan, eta Herriko Plazan 19:00etan.

Urte zaila izan dela adierazi du Aretxabaletako Sareko kide Txarli Garciak, COVID-19ak "asko mugatu" duelako lan jarduna. Era berean, gustura agertu da herrian egindako lanketarekin: "Ahalegin handia egin dugu herriko eragile eta norbanako askorekin egoteko, eta egindako lan horrek erakutsi du badagoela beste espetxe politika baten aldeko adostasun zabala. Horren adierazle da azaroaren 21ean egindako mobilizazio jendetsua eta anitza".

Abenduan, urtea bukatzearekin batera, presoen eskubideak aldarrikatzeko kalera ateratzera deitu dituzte herritarrak. Urtero legez, hilaren 31rako Kurtzebarriko tontorrean egin dute hitzordua (11:00), argazkia ateratzeko –eguraldi txarra eginez gero, Mendiolako elizpean–. Eta iluntzean (19:00), Herriko Plazan elkartuko dira. Gari Atxabaltara leloa haizatuko dute bi ekitaldiotan.

Garcia, azaroa ezkero Zaballan

Garikoitz Garcia Arrieta Picassenteko kartzelatik (Valentzia) Zaballara (Araba) lekualdatu zuten azaroan: "Pozik gaude hurbilketarekin, senideek eta lagunek pairatzen zuten zigor gehigarria amaitu delako. Etxeratzeko bidean pauso handia da, baina oraindik, zoritxarrez, Gariri aplikatzen zaion salbuespen legediak mila traba jartzen ditu legeak ahalbidetzen duen bidean; hau da, graduen progresioan aurrera egiteko bidean: lanerako baimena, hirugarren gradua edo baldintzapeko askatasuna lortzeko, adibidez".

Urtarrilaren 9an, hamaika urte beteko ditu Garcia Arrietak kartzelan, eta beti egon da lehen graduan: "Espetxeko erregimenik gogorrena da hori. Eta guk eskatzen duguna da lege arrunta jarraituta horrek ahalbideratzen dituen pausoak ahalik eta bizkorren ematea".

Urtarrilaren 9an, mosaikoa

Urtarrilean Bilbon egin izan den manifestazioa aurten ezingo da antolatu, eta, horren ordez, herrietan izango dira ekitaldiak. Aretxabaletari dagokionez, urtarrilaren 9an, Herriko Plazan elkartuko dira (17:30): "Argiztatutako mosaikoa egingo dugu. Eta herritarrak gonbidatzen ditugu elkarbizitzaren, konponbidearen eta bakearen aldeko ekimen horretan parte hartzera".

Bilboko manifestazioa diru-iturri ere izaten da Sare herritarraren lan jarduna aurrera eroateko: "Horregatik, 5 euroko bonu-laguntzak atera ditugu, Bilbora joateko autobusa ordaindu beharrik izango ez denez, hara bideratzen zen diruaren erdia laguntza moduan emateko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak