Gaztelekuaren pleguen gaineko Udal gobernuaren argibideak

Mirari Altube Arrese 2020ko abe. 18a, 14:02

Gaztelekuaren zerbitzuaren esleipen pleguei EH Bilduk joan den astean egindako "kritikari" erantzun gura izan dio Udal gobernuak.

Argitu du erabilitako irizpideak beste zerbitzu batzuetan ere erabiliko dituztela: "Lehenik eta behin esan beharra daukagu ez garela Gazteleku zerbitzuaren balorazioarekin sartuko, halabeharrez tokatu baita irizpide berriekin lehen lizitazioa izatea. Aurreratu genezake kiroldegiko kasuan, hurrengo lizitazioa izango dena, irizpide bera erabiliko dugula".

Irizpide horien helburua ekonomikoa dela ere argi utzi gura izan dute: "Garbi esaten dugu ematen ez diren zerbitzuak ez ordaintzea dela helburua. Beharrezkoa deritzogu, batez ere aurten bezala, diru sarrera murrizketa sakonak jasaten direnean. Ez genuke nahi, eta ez dugu uste gertatuko denik, baina martxoko murrizketak berriz ezarriko balira udal ekonomia babesteko neurriak ezartzen ari gara".

Ukatu egin dute Udal gobernuak  ETT baten antzik dutenik edo lehen eta bigarren mailako langileak daudenik EH Bilduk "leporatu" bezala: "EH Bilduri galdetu nahi genioke ea zein den langile hauen eta administraziorako lan egiten ez duen gehiengoak jasango lukeen kaltean aldea. Nor da langileen artean lehentasunak jartzen dituena? Non geratzen dira %80ko soldatarekin lanean segitzen duten kooperatibako kideak? Non langabeziara joan direnak? Edo egoera berberean ERTEan daudenak? Zergatik dira gutxiago? Ez dezagun ahaztu horiek direla administrazioak lan egin ahal izateko aberastasuna sortzen dutenak. Zein langile defendatzen du EH Bilduk?"

Azken urteetako kudeaketa "bikaina" izan delako Udalaren egoera "ona" dela adierazi dute, eta horregatik aurten gai izan direla "estutasunik gabe" aurrera egiteko, behar handiena dutenei zerbitzuak "indartzeko" eta kaltetuenei diru-laguntzak bideratzeko. "Ikuspegi ankerra behar da benetan ostalaritzaren diru-laguntzak gai honekin nahasteko, nahiko lukete antzeko egoera bat izatea. Zuek atera kontuak nor den lehen eta bigarren mailan sailkatzen dituena langileak".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak