Juan Jose Pellejero nafarrak irabazi du Karmele Igartua sorkuntza lehiaketaren X. edizioa

Txomin Madina Milikua 2020ko abe. 12a, 17:07

Pellejeroren 'Ondoko aldagelan' izenekoa izan da, epaimahaiaren ustetan, lehiaketara aurkeztu diren hamasei narrazioen artean onena. Aretxabaletako Arkupen egin duten sari banaketa ekitaldian gogoan izan dute Karmele Igartua bera, haren testuak irakurriz.

Narrazioa izan da X. Karmele Igartua sorkuntza lehiaketan parte-hartzaileek idatzi behar izan duten testu mota; eta Itziar Gomezek, Pako Aristik eta Iñaki Zumaldek osatutako epaimahaiak Juan Jose Pellejero iruindarraren Ondoko aldagelan lanari eman dio aurtengo sari nagusia.

Gaur eguerdian Aretxabaletako Arkupe kultura etxean izan da sari banaketa, eta han izan dira idazle eskolako kideak, epaimahaikideak, Karmele Igartuaren senideak eta baita duela bost urtetatik lehiaketa babesten duten Aretxabaletako udaleko ordezkariak ere. Ainhoa Cabero Kultura zinegotziaren esanetan, Udalarentzat "berezia" da lehiaketa, herritar baten omenez delako eta Euskal Herri eta bailara mailan lortu duelako bere izena.

Aurten maila "oso ona"

Hamasei lan aurkeztu dituzte aurtengo lehiaketara, eta Pako Aristik, epaimahaikide guztien izenean ekitaldian esan duenez, maila oso ona izan da. Azken epaia eman aurretik zazpi lan aukeratu zituztela ere zehaztu du Aristik, eta gaineratu du lan irabazlea irakurtzea "plazer handi" bat izan dela "duen hizkuntza mailagatik, tentsioari eusteko moduagatik eta narrazio teknikan erakusten duen trebeziagatik". Zentzu berean hitz egin du Itziar Gomezek ere saria banatu ostean: "Lan irabazleak badu distira berezi bat bai hiztegi aldetik, baita ausart idazteagatik eta gaurkotasun handiko estiloa erabiltzeagatik ere".

Pellejerorentzat, lehen aldia

Juan Jose Pellejerok bestalde, esan du irabazi izanak ezustean harrapatu duela. Ikasketaz nekazaritza ingeniari eta enpresa munduan lan egindakoa, iaz hasi zen Idazle Eskolan, eta hau izan da sariketara aurkeztu den lehen aldia, azaldu duenez, "bere burua idaztera behartzeko". Lagun baten semeak jasandako bullying kasua hartu du Ondoko aldagelan idazteko abiapuntu moduan: "Gogaitzen eta haserretu arazten nauen gai bat da, eta horregatik aukeratu nuen gai moduan". Irabazi izanak gehiago idaztera animatuko duela ere gaineratu du. Lan irabazlea idazten.com webgunean jarriko dute irakurgai.

Behin irabazlearen izena jakitera emandakoan, Karmele Igartua bera ere izan dute gogoan, Idazle Eskolako kideek eta aretxabaletarraren ingurukoek haren hainbat testu irakurri dituztelako.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak