Gaztelekuaren kudeaketa pleguekin ez dago ados EH Bildu

Mirari Altube Arrese 2020ko abe. 11a, 12:13

Gaztelekua kudeatzeko pleguak argitaratu zituen joan den astean Udalak, urtebeterako esleitzeko asmoarekin –luzatzeko aukerarekin–. Eta EH Bildu ez dator bat pleguetan zehaztutakoarekin: "Udal Gobernuaren asmoa da eskaintzen diren orduengatik bakarrik ordaintzea. Hau da, balizko itxiera baten aurrean langileen egoera kontuan hartu gabe".

EH Bilduk dio orain arte kopuru ekonomiko finko bat ordaintzen zaiola gaztelekuko zerbitzua kudeatzeko kontratatutako enpresari edo elkarteari –Udalak dituen kontratu iraunkor guztietan bezala–: "Lizitazio honetan, ostera, zuzenean eskaintzen den ordu kopuruagatik bakarrik ordainduko da. Beraz, jarduera etengo balitz, COVID-19a dela-eta, adibidez, enpresak ez luke ezer kobratuko eta langileak kaleratuak izango lirateke edo aldi baterako erregulaziora joango lirateke". Eta gogorarazi gura izan dute aldi baterako erregulazioaren aukera –%70 kobratzen– urtarrilaren 31n bukatzen dela.

Udal zerbitzuen arteko "trataera ezberdin" hori "larria" dela uste dute EH Bilduko kideek: "Fakturatzeko sistema hau kontratu batzuei bai eta beste batzuei ez ezartzea. Edukiko ditugu lehenengo eta bigarren kategoriako zerbitzuak eta langileak?".

Udalaren "eraginkortasun ekonomikoa bermatzea" helburu bat izan behar dela jakinik ere, zera gaineratu dute: "Egoera ekonomikoa ezagututa esan behar dugu Udalaren kontuen egoerak ez duela inondik inora horrelako erabakiak hartzera behartzen. Udalak ezin du ETT baten antza hartu eta bere zerbitzuko langileen baldintzak ezin ditu prekarizatu".

Pleguen zuzenketari "ezetza"

Pleguak zuzentzeko eskatu diotela Udal Gobernuari gaineratu dute, baina ezetza jaso dutela, "aurrerapen ekonomikoa arrazoi" emanda. Gaineratu dute ostalaritzari laguntzeko plana garatzea espero dutela "elkarlanari" esker, baina zera gehituta: "Ez litzateke koherentea izango Udalak esku batekin ostalaritzari laguntzea eta bestearekin atera berri diren pleguak sinatzea".

Nerabeendako zerbitzua

Gaztelekuak 12 eta 16 urte arteko nerabeei ematen die zerbitzua, eta aurten, 180 inguruk eman dute izena. "Aisialdi sanoa, berdintasun balioak bultzatzen dituena, sortzailea eta parte-hartzailea eskaintzen zaie gure nerabeei", adierazi dute EH Bilduko kideek eta gaineratu: "Behaketan eta interbentzioan ikaragarrizko lan prebentibo eta hezitzailea egiten da beste hainbat arlorekin koordinazioan, familiei segurtasuna emanez".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak