Aretxabaletako udaltzainen taldea beste bi agenterekin osatu dute

Mirari Altube Arrese 2020ko abe. 4a, 10:10

Martitzenean hasi ziren lanean Enara Ortiz zallarra eta Dei Gonzalez galdakoztarra; horiez gain, martxoan etorri zen Kevin Santiago ere itzuliko da Arkauteko prestakuntza bukatuta, eta orain, sei lagunek osatzen dute Aretxabaletako lantaldea.

Aretxabaletako udaltzainen lantaldea beste bi agenterekin osatu dute; hala, guztira sei udaltzain egongo dira hemendik aurrera. Taldea handitzearen helburuak izan dira udalerriko segurtasuna indartzea eta osasun krisiari aurre egiteko bitartekoak jartzea.

Unai Elkoro alkateak adierazi duenez udaltzaingoa "oso lan garrantzitsua" egiten dabil pandemiaren garaian: "Bere zeregina funtsezkoa da COVID-19aren hedapena geldiarazteko ezarritako neurriak betetzen direla bermatzeko, alde batera utzi gabe herriko segurtasunerako eta elkarbizitzarako garrantzi berezia duten beste gai batzuk".

Zerbitzua zabaldu

Udaltzain berriak bizkaitarrak dira; Enara Ortiz, 22 urteko zallarra, eta Dei Gonzalez, 28 urteko galdakoztarra.  Martitzenean hasi ziren biak ala biak lanean. "Taldea oso mugatua zegoen, besteak beste, pandemiak ekarri dituen behar berriak kontuan hartuta. Hori dela eta, egoera hau luzatzen den bitartean, ezinbestekotzat jo dugu udaltzain gehiago izatea. Gerta daitezkeen bajak hobeto betetzea ere ahalbidetuko digu”, azaldu du alkateak. Era berean, Elkorok azpimarratu gura izan du udaltzaingoak "herritarrengandik gertu" egiten duen lana.

Lantaldea indartu bakarrik ez, zerbitzua zabaltzeko aukera ere badagoela uste du alkateak;  hain zuzen ere, aste bukaeratara zabaldu ahal izango da "beharrezkoa den kasuetan". Une honetan, udaltzaingoak astelehenetik ostiralera bi txandatan banatuta egiten du lan: 8:00etatik 15:00etara, eta 15:00etatik 22:00etara; zapatuetan, ostera, 13:00ak arte.

Esku-hartzeek gora %40

Pandemia hasi zenetik udaltzainen esku-hartzeak %40 igo direla jakinarazi dute Udaletik. Izan ere, ohikoak diren zereginei osasun segurtasun arau berrien ondoriozko esku-hartzeak gehitu zaizkie. Esku-hartze gehienak izan dira maskara ez eramateagatik eta konfinamendu perimetrala ez betetzeagatik.

2021ean udaltzain burua

Udaltzainen taldeak aldaketa asko izan ditu iaztik hona. Martin Garai eta Alberto Zillaurren erretiratu ziren orduan, eta aurtengo martxoan, Kevin Santiago galdakoztarra sartu zen. Irailetik hona Arkauten egon da hori, prestakuntza bukatzen, eta astelehenean hasiko da berriro lanean Aretxabaletako kaleetan. Era berean, jakinarazi dute 2021ean udaltzain buruaren lanpostua betetzeko prozesua abian jarriko dutela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak