Terrazen ordenantza egiteko ekarpenak aztertzen dabil Udala

Mirari Altube Arrese 2020ko aza. 30a, 08:59

Terrazen gaineko ordenantza zehazteko asmoarekin ekarpenak egiteko epea zabaldu zuen Udalak orain aste batzuk, eta behin amaituta, horiek aztertzen dihardu orain. Ostalaritzako lokalen jabeek eta negozio horietatik gertu dauden bizilagunek egindako hamar bat proposamen eta eskaera aurkeztu dituztela jakinarazi dute Udaletik.

Ekarpen horietako batzuek irisgarritasunari erreparatu diote. Horrela, gertuko atarietarako sarbidea libre uztea, oinezkoen pasabidea ez oztopatzea, eta terrazaren eta ondoko eraikinaren artean gutxienez 1,8 metroko distantzia mantentzea eskatu dute.

Herritarrek egindako beste eskaeretako batzuk honako hauek dira: bide publikoaren erabilera mugatzea mahaiak eta aulkiak okupatzeagatik, terrazak har dezakeen azalera lurrean markatzea, ixteko ordutegiak errespetatzea, eta zaratarik eta eragozpenik ez sortzeko mahaiak, aulkiak edo eguzkitakoak arrastaka ez eramatea.

Beste ekarpen batzuk terraza mugikorrak eta finkoak jartzeko baimena ematearekin lotuta daude. "Ostalaritza sektoreak erraztasunak eskatzen ditu terrazak jartzeko", diote Udaletik eta horren adibide honako eskaera hauek: aparkalekuak kentzea terrazak egokitzeko beharrezkoa balitz, oihalezko itxitura mugikorrak jartzen uztea, edo arkupeetan mahaiak ipintzea.

2021erako laguntza lerroa

Proposamen guztiak aztertzen dabil Udala eta urtarrilean egingo den osoko bilkuran hasierako onarpena ematea da asmoa.

Bestalde, Udaletik jakinarazi dute 2021erako laguntza lerro bat sortzea aztertzen dabiltzala, terrazetan egindako inbertsioei laguntzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak