Aldenduta baina batuta lanean, Basotxon

Mirari Altube Arrese 2020ko aza. 28a, 10:00

Hainbat jarduera bertan behera utzi behar izan arren hitzaldi bi antolatu dituzte datozen asteetarako; lehenengoa, abenduaren 14an da eta COVID-19ak herrian izandako eraginaren gainean jardungo dute Unai Elkorok eta Javier Marrek, Arkupen.

Basotxo erretiratuen egoitzako ateak itxita daude, baina elkarteak bizirik jarraitzen du. Martxoan berritu zuten zuzendaritza batzordea eta, bazkideekin batzar orokorra egiterik izan ez bazuten ere, Aitor Alberdi da ordutik presidentea. "Gure arteko hurbiltasun fisikoa desagertu egin da ia, baina sozialki batuta jarraitzen dugu: gure elkarteak, 1.000 bazkide ingururekin, bizirik jarraitzen du", adierazi du.

Konfinamenduak bakardade egoerak areagotu egin dituela dio, gaitz fisikoak eta burukoak okertu eta marjinazioa agerian utzi, besteak beste. Horregatik, argi du elkarren beharra dutela, eta hori fisikoki ez bada posible "beste bide batzuetara" joko dute. Hain zuzen, kontu hori da Basotxoko zuzendaritza batzordeko kideak kezkatzen dituen gairik garrantzitsuena: "Distantzia fisikoa mantendu beharra dugu baina marjinazioa saihestu. Horretarako irtenbide bila gabiltza".

COVID-19aren gaineko hitzaldia

Azken hilabeteotan, bigarren olatuaren ondorioz, bertan behera utzi behar izan dituzte abian jarritako jarduerak: euskal dantza saioak eta memoria lanketa. Era berean, tabernaren ateak itxi egin behar izan dituzte: "Elkartzeko, kontu-kontari egoteko eta jokoan egiteko leku barik geratu gara. Eta tabernako arduradun Juani eta Mari Jose egoera latzean geratu dira".

Zuzendaritza batzordeak, baina, lanean dihardu eta bi hitzaldi antolatu ditu datozen asteetarako. COVID-19ak herrian izandako eraginaren gainekoa abenduaren 14an izango da (17:00) eta Unai Elkoro eta Javier Mar gonbidatu dituzte: "Alkateak, Udalaren ikuspegiaren berri emango digu eta Marrek, Osakidetzarena". Izena aldez aurretik eman beharko da, Arkupen bertan. Bigarren hitzaldia, GSR adinekoen egoitzaren etorkizunaren gainekoa, urtarrilean egingo dute.

90 urtekoei omenaldirik ez

Abenduaren 13an, Santa Luzia, egunean, 90 urteko bazkideak omentzeko ohitura dute, baina ospakizuna bertan behera utzi beharrean izan dira: "Horregatik, jaso dezatela gure omenaldirik eta zorionik beroena bazkide horiek. Sentitzen dugu, benetan, besarkadarik eta oparirik ezin eman izana".

Erretiratuek osatutako Aretxabaleta Lagunkoia taldeak herriko ikasleen artean antolatutako ipuin lehiaketaren sari banaketa ekitaldia, ostera, egingo dute, nahiz eta data zehazteke izan. Kurtzebarri BHIko 145 ikaslek hartu dute parte eta irabazleak dagoeneko hautatuta dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak