Bonu kanpaina, indartuta, guztiei laguntzeko asmoz

Imanol Beloki Unamuno 2020ko aza. 20a, 10:00
Aretxabaletako Durana kalea iluntzean.

Udalak Gabonetako bonuen kanpaina indartuko du aurten, herriko komertzioen kontsumoa sustatzeko. 1.000 txartel jarriko dira salgai, iaz baino 600 gehiago, eta sistema bera erabiliko da. Urtarrilaren 5era arte gastatzeko aukera izango da.

Gabonak ate joka dauden honetan, Aretxabaletako Udalak Gabonetako bonu kanpaina indartuko du aurten. Hala, 1.000 bonu jarriko dituzte salgai, herriko kontsumoari bultzada emateko asmoz. Iaz baino 600 txartel gehiago izango dira herriko saltokietan erabilgarri, eta sistema bera izango da; hau da: herritarrek 20 euro ordainduta, trukean, 30 euroko bonua jasoko dute, dendetan gastatzeko. Txartelak Arkupe kultura etxean jarriko dituzte salgai datorren astean.

Ondorio ekonomikoak arintzeko

Berrikuntza gisa, aurten txartelak herriko establezimendu guztietan kontsumitu ahal izango dira, eta ez soilik Aretxarte elkarteko bazkide diren negozioetan. Horrela, Udalak Aretxabaletako merkatari eta ostalari guztiei lagundu nahi die, ile-apaindegiei, estetika zentroei eta herritarrei zerbitzuak ematen dizkieten beste negozioei.

Guztira, kanpaina honetarako 10.000 euro bideratuko ditu Aretxabaletako Udalak, jarduera ekonomikoa sustatu eta suspertzeko eta COVID-19aren krisiak eragindako ondorio ekonomikoak arintzen laguntzeko. Eta, bonu guztiak salduz gero, 30.000 euro izango direla zirkulazioan adierazi dute udal ordezkariek.

Komertzio guztietan erabilgarri

Azaroaren 30eko astean ipiniko dituzte salgai bonuak, Arkupe kultura etxean, eta Gabonak amaitu arte gastatu ahal izango dira. Hain zuzen ere, urtarrilaren 5era arte. 16 urte gorakoei zuzenduta dagoen egitasmoa da, eta bonu bat pertsonako erosi ahal izango da.

Horrekin batera, Udaletik jakinarazi gura izan dute kanpaina honetan ez direla sartzen farmaziak eta tabakoa eta loteria saltzen dituzten herriko establezimenduak. Horrenbestez, horietan ezingo da bonurik erabili.

Neguko azoka abenduaren 19an

Bestalde, neguko azokari eutsi egingo diote, baina egun bakar batera mugatuta, abenduaren 19an. Lekuz aldatuko da, eta, Herriko Plazan izan beharrean, postuak Durana eta Mitarte kaleetan jarriko dituzte herriko artisau, ekoizle eta merkatari aretxabaletarrek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak