Mendebaldeko Saharako herriari elkartasuna adierazteko elkarretaratzean parte hartzeko dei egin du Aretxabaletako Udalak

Sahara bandera.

Mendebaldeko Saharako su-etenaren amaieraren aurrean, sahar herriari elkartasuna adieraziz, adierazpen instituzionalaren berri eman du Aretxabaletako Udalak. Horrekin batera, Sahara Euskadi Mugimenduak eta Euskadiko Fronte Polisarioaren Ordezkaritzak biharko deituta duten elkarretaratzean parte hartzeko dei egin du; Herriko Plazan izango da 17:30ean.

Hemen adierazpena osorik:

MENDEBALDEKO SAHARAKO SU-ETENAREN AMAIERAREN ADIERAZPEN INSTITUZIONALA

"2020ko azaroaren 13an, Marokoko Indar Armatuek nahita urratu zuten 1991tik indarrean dagoen Marokoko Erresumaren eta Fronte Polisarioaren arteko Su Eten Akordioa.

Marokoko Erresumak Guerguerateko legez kanpoko pasabidera indar militarrak bidali zituen, duela lau astetik eremu horretan manifestazioak egiten ari ziren saharar herritarrak erreprimitzera.

Marokok 2001ean ireki zuen pasabide hori, Nazioarteko Zuzenbidea urratuz. Nazio Batuen Bake Akordioak (1988) eta Marokoren eta Fronte Polisarioaren arteko akordio militarrek Marokoko harresi militarrean pasabideak irekitzea debekatzen dute.

Indar marokoarren erasoaldiak eta Fronte Polisarioak saharar populazio zibilaren defentsan emandako erantzun legitimoak harresian zehar hainbat liskar eragin ditu. Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko Presidenteak, adierazpen baten bitartez amaitutzat eman du Fronte Polisarioak eta Marokoko Erresumak 1991n sinatutako su eten konpromisoa.

Gertakari horien aurrean Aretxabaletako Udalak, Sahara Euskadi Mugimenduarekin eta Euskadiko Fronte Polisarioaren Ordezkaritzarekin batera:

● BERRESTEN DUGU zalantzarik gabeko elkartasuna diogula saharar herriaren eta haren legezko ordezkari Fronte Polisarioaren borrokari.

● Marokoko Erresumari EGOZTEN DIOGU 1991n Su-Etena apurtu izana, eta sortu den eta Magrebeko eskualde osora zabal daitekeen ezegonkortasunaren erantzunkizuna.

● MINURSOri eta Nazio Batuei eremuan segurtasuna eta sahararren giza eskubideen zaintza berma dezatela ESKATZEN DIEGU; eta, besterik gabe, autodeterminazio-erreferendumaren bidez, Mendebaldeko Saharako gatazkaren konponbide bidezkoa eta behin betikoa susta dezatela.

● Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordeari Mendebaldeko Saharan gertatzen den guztiarengatik dituen erantzukizunak bere gain har ditzala ESKATZEN DIOGU; izan ere, Lurralde Ez-autonomoa da, Marokok legez kanpo okupatua, NBEren agindupean, eta gatazkan dauden bi aldeak Genevako Hitzarmenaren sinatzaileak dira.

● Espainiako gobernuari Mendebaldeko Sahara de iure administratzen duen potentzia gisa duen erantzukizuna bere gain har dezala EXIJITZEN DIOGU; eta horren arabera joka dezala, autodeterminazio-erreferendumaren antolaketan eta Saharako biztanleria zibilaren babesean parte aktiboa izanik.

● Sahara Euskadi Mugimenduak Fronte Polisarioaren ordezkaritzarekin batera, Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa babesteko bihar ostirala, azaroak 20, arratsaldeko 17:30ean, Aretxabaletako plazan deitutako mobilizazioan PARTE HARTUKO dugu eta parte hartzera GONBIDATZEN ditugu atxabaltarrak".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.