Giza kate bat osatzeko dei egin du Sarek

Karmele Uribesalgo 2020ko aza. 14a, 15:39

Azaroaren 21ean, Portasoleko autobus geltokitik hasita, kilometro bateko katea osatu nahi dute Herriko Plazaraino. Horrez gain, Sareren arabera, berri "pozgarria" da Garikoitz Garcia preso aretxabaletarra Picassentetik Zaballara gerturatu izana.

Presoen aferan konponbide bat lortzeko asmotan egin du giza katerako deialdia Aretxabaletako Sarek. Besteak beste, salbuespen legedia bertan behera uztea eskatuko dute. Datorren asteko zapatuan, hilak 21, egingo dute giza katea. 18:30ean izango da. Portasoleko autobus geltokitik aterako da eta Herriko Plazarainoko bidea egingo du.

Txarli Garcia Aretxabaletako Sareko kideak azpimarratu du osasun neurriak "zorrotz" beteko dituztela. "Herritarrek beldurra izan dezakete horrelako ekitaldi batean parte hartzeko, baina eskatu nahi diegu lasai egoteko". Giza katea hiru zutabetan joango da, eta parte hartzaileen artean bi metroko distantzia mantenduko dute. Dena behar bezala beteko dela bermatzeko, 15-20 boluntario inguru arituko dira lanean.

Herritar ugarirekin jarri dira harremanetan Sarekoak, eta, Garciak adierazi duenez, ikusi dute Aretxabaletan badela beste espetxe politika bat izateko nahia. "Eremu anitzetako jendearekin egon gara, eta oso pozik gaude izandako erantzunarekin", azaldu du Sareko kideak. Dinamika inklusiboa eraiki nahi dute, eta, horretarako, hainbat ideologiatako herritarrengana jo dute. "Gizarte zibilaren protagonismoa bilatu nahi dugu", gaineratu du Garciak.

Ekimenak oso erantzun ona izan duela azaldu du Sarekoak: "Jendeak argi dauka hau amaitu behar dela". Garciak gogorarazi du lege arrunta aplikatuta euskal presoen ehuneko handi bat kalean egon beharko litzatekeela. Horrez gain, Sarek beharrezkotzat jo du presoen egoera hobetzeko aurrerapausoak ematen jarraitzea. Garciaren hitzetan, euskal presoek "sekulako trabak" izaten dituzte bigarren gradutik hirugarrenera pasatzeko, lan egiteko baimenak lortzeko eta baldintzapeko askatasuna eskuratzeko.

Pozik, Garcia gerturatzearekin

Garikoitz Garcia preso aretxabaletarra Picassenteko espetxetik Zaballako kartzelara gerturatu izana albiste "pozgarria" da Sarerentzat. "Presoak etxeratzeko bidean aurrerapauso ikaragarria dela uste dugu, bereziki, bere senide eta lagunentzat, jada ez baitituzte dispertsioaren ondorioak jasan behar", nabarmendu du Sareko kide Garciak.

Hala, oso modu "positiboan" baloratu dute Aretxabaletako presoaren lekualdatzea, baina Sareko kideak azpimarratu du beste urrats batzuk egin behar direla Garikoitz Garcia Aretxabaletan izateko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak