Basotxo erretiratuen elkartearen jarduna mugatu du pandemiak

Karmele Uribesalgo 2020ko aza. 13a, 10:02

Juani Fabian, Basotxoko tabernan, joan den ostiralean.

Taberna itxi behar izan zuten joan den egubakoitzean, eta gainerako ekintza gehienak ere etenda daude.

Koronabirusaren pandemiari aurre egiteko Eusko Jaurlaritzak ezarri dituen mugak direla eta, Basotxo erretiratuen elkarteko tabernak ere ateak itxi behar izan ditu. Negozio horren ardura duen Juani Fabianek azaldu du oso urte txarra izaten ari dela aurtengoa: "Animo eta ilusiorik gabe nago jada". Izurritea dela eta, herritarren artean beldurra eta ziurgabetasuna nabari ditu Fabianek, eta bezero kopuruan ere nabari du aldea; iazko kopuruarekin alderatuta, %70 inguru jaitsi dela azaldu du. "Lehen, merienda asko izaten genituen, baina, azken boladan, lau kafe besterik ez dut atera", nabarmendu du.

Taberna itxi beharrean egon da Fabian, baina aitortu du bestela ere ez zekiela luzaroan izan ahalko zuen zabalik. Duela bi urte hartu zuen Fabianek Basotxoko taberna. Oso oparoa izan dela adierazi du, baina onartu du ez daukala argi zer gertatuko den datozen hilabeteetan: "Ikusiko dugu etorkizunean zer gertatuko den, baina oso itxura txarra dauka".

Elkartearen ekintzak, etenda

Basotxo erretiratuen elkarteko presidente Aitor Alberdik aitortu du tabernak arazo bat daukala: aireztapen falta. Azaldu duenez, harremanetan daude Udalarekin, eta leihoren bat jartzea aztertzen ari dira.

Gainontzean, biltzeko arazoak dituztela azaldu du Alberdik, eta elkartearen ekintzak ere bertan behera gelditu dira; besteak beste, dantza eta kantu taldeak. Elkarteko presidenteak adierazi duenez, pentsatzen ari dira zer egin urteroko zozketarekin, baita 90 urtekoen omenaldiarekin ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak