Merkatariek eta ostalariek egindako inbertsioei laguntzak eskaini dizkiete

Mirari Altube Arrese 2020ko aza. 13a, 12:16

Gastuen %60raino estali ahal izango da, gehienez ere 300 euro; horretarako, 25.689 euro jaso ditu Udalak Foru Aldunditik

Merkataritza eta ostalaritza establezimenduetan egindako inbertsioak arintzeko diru-laguntzak bideratu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Udalak kudeatuko du horren banaketa.

Martxoaren 14tik abenduaren 12ra bitartean koronabirusaren aurkako prebentzio eta higiene neurriak betetzeko egokitzapenak egin dituzten dendek, tabernek eta jatetxeek egin dezakete eskaera eta egindako inbertsioaren %60rainoko laguntza jaso ahal izango dute, gehienez ere 300 euro enpresa bakoitzeko.

Ekipamenduetan egindako egokitzapenak

Foru Aldundiak 25.689 euro eman dizkio Aretxabaletako Udalari, biztanleria, establezimendu kopurua, eta merkataritza eta ostalaritza dentsitatea kontuan hartuta. Hala, diru-laguntza hori eskatu ahal izango dute hamar langile baino gutxiagoko plantilla duten merkataritza eta ostalaritza establezimenduek.

Zein inbertsio lagunduko dituzten zehaztu dute: espazioen eta lan egiteko moduen egokitzapenak; segurtasun eta osasun irizpideak betetzeko ekipamenduetan egindako moldaketak; bezeroarekiko eta enpresa hornitzaileekiko harreman berrietara lan egiteko moduak egokitzeko inbertsioak (manparak, gel-banatzaileak…), eta higiene eta babes neurri bereziekin lotutako beste jarduera batzuk.

Bestalde, ez dute laguntza ekonomikorik jasoko honakoek: maskarak, eskularruak, gelak, mantalak edo antzekoak erostearekin egindako gastuak, ezta establezimenduak berak salgai jartzeko diren higiene edo babes produktuei dagozkienak ere.

Hilabeteko epea aurkezteko

Deialdira aurkezteko epea hilabetekoa da azaroaren 12an hasita, orduan argitaratu zirelako oinarriak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. Eskaera telematikoki egin beharko da, udalaren webgunearen bidez (www.aretxabaleta.eus).

Programa honetan aurreikusitako laguntzak bateragarriak izango dira kontzeptu beragatik diruz laguntzeko erakunde publiko edo pribatuetatik jasoko diren bestelako laguntzekin, betiere horrek gainfinantzaketarik eragiten ez badu; kasu horretan, deialdi honen bidez emandako laguntza murriztu egingo da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak