Futbol zelaiko argiteria sistema berritzea onartu du udalbatzak

Mirari Altube Arrese 2020ko aza. 13a, 08:08

Ibarra futbol zelaiko foku bat.

Aho batez onartu zuen erabakia udalbatzak eguaztenean egindako osoko bilkuran eta Led sistema jarriko dute hango fokuetan. Azaroaren 25erako adierazpen instituzionala ere onartu zuten osoko bilkura horretan, eta bestetik, EAJko zinegotzi Pili Leanizbarrutiak kargua utzi zuen.

Ohiko osoko bilkura egin zuen udalbatzak eguaztenean, oraingoan online, segurtasun neurriak betetze aldera.

Pandemiaren eraginez sortutako egoera ekonomikoaren ondorioz 2020rako zehaztutako aurrekontua berrikusi beharrean izan zen Udala ekainean eta hainbat partida gelditu egin zituen orduan. Horien artean zegoen Ibarra futbol zelaiko argiterian hobekuntzak egitea, baina orain, horri heltzea erabaki dute: "Egoera kaskarrean dago, gero eta foku gehiago daude hondatuta eta konpondu beharrekoa da kirol jardunari berrekiten diotenerako", zioen Unai Elkoro alkateak osoko bilkuran.

Ibarrako argiteria sistema 19 metroko lau farolek osatzen dute eta bakoitzak sei foku ditu. Hain zuzen foku horiek aldatu egingo dituzte eta Led erakoak jarri; 24 foku horiek 92.500 euroko kostua dute. Hamalau astetan egingo dituzte lanak behin horiek esleituta. Energia aurreztea da aldaketaren helburuetako bat baita ekipamenduaren kostua murriztea eta fokuek luzaroago irautea ere.

Alkateak adierazi zuen udalei emango dieten zorpetzeko gaitasuna erabilita egingo dietela aurre lan horiei, eta baita beste batzuei ere: "Horrela aurtengo aurrekontuaren kontura exekutatuko ditugu". EH Bildu bat etorri zen erabakiarekin eta gaineratu zuen lasaitasunez aztertu gura dutela zein proiekturi eman lehentasuna.

Azaroaren 25erako adierazpen instituzionala

Azaroaren 25ari begira ere jarri zen udalbatza eta adierazpen instituzionala, Eudelek proposatutako testua hain zuzen ere, onartu zuen aho batez. Pandemiak sortutako egoeran, arreta jarri behar dela indarkeriari aurre egiten ari diren emakumeengan adierazi zuen Karmele Uribarri Ongizate zinegotziak: "Isolamendua, babesgabetasuna eta ikusezintasuna saihesteko baldintza egokiak sortzeko lanean jarraitu behar dugu Aretxabaletan ere".

Horren aurrean Udalak hartutako konpromisoen berri eman zuen: indarkeria matxistaren biktima direnek babeserako eta berriz ez gertatzeko bermerako eskubidea bermatuko duten politika berriak diseinatzea; behaketa hobetzea, indarkeria-egoeretan dauden emakumeen profil berriak atzemateko; emakumeentzako arreta eta laguntza-zerbitzuak mantentzea, hobetzea eta egokitzea; emakumeen ahalduntzeari eta gazteen artean indarkeriaren prebentzioari laguntzeko programak bultzatzea; berdintasun-programak zaintzea; COVID19ren krisiak emakumeen pobretzean duen eragina aztertzea; genero-ikuspegia txertatzea krisiaren eragin negatiboak arintzeko neurrietan; eta erakundeen arteko lankidetza eta koordinazioa eskatzea, baliabideak bermatzeko eta beharrezko ekimen guztiak abian jartzeko.

"Mugimendu Feministak deitutako mobilizazioei atxikitzeko deitzen diegu herritarrei", esan zuen Uribarrik. Eta gaineratu zuen Berdintasun batzordean lantzen dihardutela indarkeria matxistaren aurrean erakundeek izan beharko luketen erantzun publikoa.

Pili Leanizbarrutiaren ordez Javier Mar

Bukatzeko, EAJko Pili Leanizbarrutia zinegotzia agurtu zuten, kargua uztea erabaki duelako horrek. Osoko bilkuran egoterik izan ez bazuen ere Leanizbarrutiak esker mezuak bidali zizkioten. Alkateak, bost urte pasatxoan egindako lana eskertu zion, eta EH Bilduko Ion Albizuk erakutsitako konpromisoa.

Horren lekua zeinek beteko duen ere iragarri zuten, Javier Marrek.  Hauteskunde Batzordean eskatuko dute akreditazioa eta hurrengo osoko bilkuran hartuko du kargua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak