Azaroaren 21erako giza katea deitu du Aretxabaletako Sarek

Uxue Igarza Loiola 2020ko aza. 7a, 12:15

Aretxabaletako Sareren arabera pausu garrantzitsua da Garikoitz Garcia Zaballara hurbiltzea, eta "pozik" hartu dute berria. Halere, oraindik "salbuespenezko espetxe politika" indarrean dagoela-eta, mobilizazioa deitu dute gaur hamabosterako.

Garikoitz Garcia preso aretxabaletarra Picassentetik Zaballara gerturatu dute, eta hori "berri pozgarria" da Aretxabaletako Sarerentzat, izan ere, azaldu dute Garciaren etxerako bidean pauso "oso garrantzitsua" eman dela: "Senide eta lagunentzako ezarrita zegoen zigor gehigarria amaitu da. Astebururo Picassentera 1.244 kilometro egin beharrean Gasteizera ordubete baino gutxiagoko bidaia egin behar dute senide eta lagunek". Horri gehitu diote murriztu egingo direla bidaiek eragiten duten nekea, kostu ekonomikoa eta istripu arriskuak.

Egoera, ordea, ez da nahi adina aldatu Sarerentzat; azaldu dutenez, Garciak eta gainerako euskal presoek "hamaika zailtasun eta oztopo" dituzte oraindik hainbat alorretan, eta horregatik eskaera egin dute, legedia arruntari  jarraiki, "gradu progresioen bidean aurrera egiteko": "Neurri eta baimen berrietan aurrera egitea eskatzen dugu, baimen berezietan, lan egitekoetan, bigarren edo hirugarren gradua lortu ahal izateko eta zer esanik ez baldintzapeko askatasuna eskuratzeko".

Giza katea, hilaren 21ean

18:30ean Portasoleko autobus geltokitik hasita, kilometro bateko katea osatu nahi dute Herriko Plazaraino: "Eskubideak urratzen diren bitartean, lanean jarraituko dugu; argi baitaukagu bide horretan aurrera eginez lortuko dugula benetako bakea eta konponbidea". Bestetik, azpimarratu nahi izan dute zorrotz beteko dituztela osasun neurriak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak