Laboral Kutxa taldean eta maila gorenean

Jone Olabarria 2020ko aza. 6a, 09:05

Laboral Kutxa taldean bigarren denboraldia izango duen Ainhize Barrainkuarekin batera arituko dira aurten Xubane Garai eta Garazi Estevez ere. Hiru txirrindulari aretxabaletarrak gorenean ariko dira, UCI WorldTourreko lasterketetan.

Gazte mailatik 23 urtez azpiko mailara igaroko da Xubane Garai (Aretxabaleta, 2002) txirrindularia datorren denboraldian, Limousin taldetik Laboral kutxa taldera. "Erronka" berrian taldekide izango du Garazi Estebez (Aretxabaleta, 2002) txirrindulari debagoiendarra ere. Estebezek Gipuzkoa Ogi Berri taldean egin ditu azken lau denboraldiak, kadete eta junior mailetan, eta datorren denboralditik aurrera Laboral Kutxako 12 txirrindularien artean arituko da, 23 urtez azpiko mailan. Hala ere, pistako txirrindularitzan lehiatzeko Gipuzkoa Ogi Berrirekin jarraituko du.

Maila eman guran

Garaik aitortu duenez, hasierako beldurrak baztertuta, "maila emateko lanean" ari da: "Itxialdian geundenean banuen beldur edo ardura puntu bat, lasterketarik ez zegoen eta ez nekien lehiara itzultzerakoan %100 eman eta egindako lana ondo erakutsi ahalko nuen. Denboraldi berrira begira talde gabe geratzeko beldurra nuen".

Beste egoera batean zegoen Estebez. Hainbat talderen eskaintzak zituen: "Proposamenak iristean presio handia sentitu nuen; ia urtebetez ezer egin gabe egon naiz, eta onena eman nahi nuen. Asko baloratu ostean, Laboral Kutxaren aldeko apustua egitea erabaki dut, une honetan gehien komeni zaidana da".

Maila aldaketak lan egiteko moduan ere jauzi "handia" ekarriko duela azaldu dute: "Laboral Kutxa bada izen bat duen taldea". Itxialdiak eragindako geldialdiaz gain, denboraldi "zaila" izan dela dio Estebezek: "Bi lesio izan ditut jarraian eta ia urtebetez ezer egin ezinda egon naiz".

Taldearen garrantzia

Ainhize Barrainkuarendako bigarren denboraldia izango da Laboral Kutxan, eta, zehaztu duenez, "ilusio handiz" hartu du bailarako txirrindulariak taldekide izango dituen albistea. Taldearen izaera azpimarratu du: "Oso giro ona dago, beti elkarri laguntzeko prest". Maila gorenean ariko dira hirurak, Laboral Kutxak UCI WorldTourrean aritzeko txartela lortuta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak