"Plazeren eta desiren gainean hausnartuko dugu eta bizipenak partekatu"

Mirari Altube Arrese 2020ko aza. 4a, 17:34

Irudia: Mundo Untref

Plazerak eta desirak. Ikuspuntu feminista eta ekonomia sozial eta solidarioaren ikuspegitik saioa izango da egubakoitzean, Arkupen (17:00-20:00) Setem Hego Haizea GKEak eta Udaleko Berdintasun Sailak elkarlanean antolatuta eta izena emateko azken eguna gaur da, eguaztena, Arkupen edo berdintasuna@aretxabaleta.eus helbidean. Hori bideratuko du Desmontando a la Pili Zaragozako kooperatibako kide Jara Barrero Robles gizarte-hezitzaile eta sexologoak.

Feminismoa eta ekonomia solidarioa sexualitatearen bizipenarekin nola uztartzen diren, eta aldi berean, sexologiak eta feminismoak ekonomia sozial eta solidarioari zein ekarpen egin diezaioketen aztertuko dute. "Gorputzen eta desiren autoezagutza bezalako gaiak jorratzeko balioko digun tailerra izango da, horrela sexualitatearen bizipen osoa eta alaia bultzatzeko", dio Barrerok.

Elkarrekin hausnartu

Sexuari, plazerei eta desioei buruz hitz egiteko espazioak ez daudela inoiz soberan dio Barrerok: "Gure bizipenak eta gorputzak etengabe zalantzan jartzen dituzten mezuez inguratuta gaude. Testuinguru horretan zaila da gure zalantzak, beldurrak eta pozak epaituak sentitu gabe planteatzeko behar besteko segurtasuna aurkitzea; izan ere, desinformazioz betetako mezuekin bonbardatzen gaituzte".

Arkupen elkartuko dira parte-hartzaileak eta Roblesek streaming bidez dinamizatuko du. Konfiantzazko giroa sustatuko dutela gaineratu du sexologoak, eroso egon daitezen parte hartzaileak. "Galderak egin ahal izango dira, elkarrekin hausnartu, bizipenak partekatu edo, besterik gabe, entzun".

Irantzu Varelaren bakarrizketa

Azaroaren 18an, ostera, Irantzu Varela feministaren bakarrizketa garratza izango da (18:00): No hay matriarcado ni en el supermercado. Izena emateko azken eguna hilaren 16a da Arkupen edo Berdintasun Sailean: berdintasuna@aretxabaleta.eus

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak