Egoera ekonomikoari egokitutako ordenantza fiskalak onartu dituzte

Mirari Altube Arrese 2020ko urr. 30a, 13:50

Zerga eta tasa gehienak ez dituzte igoko 2021ean, zaborra bakarrik; hain zuzen, aho batez onartu zuen hori udalbatzak joan den eguenean, eta merkatariendako eta ostalariendako maiatzetik indarrean dauden neurriek abian jarraituko dute.

Udal tasak eta zergak izoztea proposatu zuen EAJk osatzen duen Aretxabaletako Gobernu Taldeak, eta aho batez onartu zuten joan den eguen iluntzean egindako ezohiko osoko bilkuran. "Presio fiskala ez handitzea" izan dute helburu, Unai Elkoro alkateak azaldutako legez: "Bizi dugun egoera zaila eta COVID19aren krisiak gizartean duen eta izango duen eragin ekonomikoa hartu dira kontuan. Ez da igoerak aplikatzeko unea". Hala, zaborraren tasa da igo duten bakarra, %5, "zerbitzuak Udalari eragiten dizkion kostuak estaltzen joateko".

Laguntzak zerbitzuei

Merkataritza eta ostalaritza zerbitzuei laguntzea du helburuen artean Udal Gobernu Taldeak, eta, ildo horretatik, maiatzean hartutako neurriei 2021ean ere jarraipena ematea onartu zuten udalbatzako kide guztiek. Horien artean daude, besteak beste, terrazen tasa ez kobratzea, zaborraren hiruhileko ordainagiriaren zenbatekoaren erdia ordaintzea; eta ura establezimendu bakoitzaren kontsumoaren arabera kobratzea.

EH Bilduko Ion Albizuk aipatu zuen merkataritza eta ostalaritza zerbitzu batzuek beste batzuek baino behar handiagoa dutela: "Horregatik, laguntza beharra dutenei zuzenean ematea egokiagoa dela uste dugu".

Alkateak adierazi du Udalaren asmoa badela laguntzak bideratzea horiei. "Batetik dago Foru Aldunditik etorriko den laguntza bat inbertsioak egin dituztenendako, eta Aretxabaletari 25.000 euro pasatxo dagozkio. Eta, bestetik, pentsatzen gabiltza gastuendako ere beste laguntza bat bideratzea", dio Elkorok. Udalak badu gordeta poltsa bat, 43.000 eurokoa, eta hori erabiliko dute. Aste pare batean erabakita izango dute zelan bideratu laguntzak: "Eta, seguru asko, Gabonetako bonuen kanpaina ere indartu egingo dugu". Gaineratu du aurten ere badutela azoka egiteko asmoa, eta hori antolatzen dihardutela.

Kiroldegiaren tasak, izoztuta

Udalaren diru-sarrerak %15,9 jaitsiko direla Foru Funtsari dagokionez azaldu du Elkorok, eta horiei beste batzuk gehitu behar zaizkiela; kiroldegiko diru sarrerak, esaterako. "Baina nik uste baino gutxiago jaitsi dira, inguruko herrietatik etorri delako jendea", azaldu du. Horri dagokionez, tasak ez igotzea onartu dute. "Datorren urtean, ikusi egin behar zein den egoera ekonomikoa. Gure kasuan, alde daukagu kiroldegiaren mailegua ordaintzen bukatuko dugula".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak