Musikaz eta antzezlanez beteta dator azaroa Arkupera

Mirari Altube Arrese 2020ko urr. 30a, 12:35

Kontzertuak eskainiko dituzte Amorante bakarlariak, Loyola Garmendia eta Iñaki Salvador bikoteak eta Bizarro eta Ro taldeek, azken bi horiek Euskaraldiak antolatuta. Helduendako antzerkiari dagokionez, emakumeak izango dira oholtza gainean.

Kultur ekitaldiek ez dute etenik izango azaroan eta Arkupe bete egingo da, bereziki musika kontuekin eta antzerkiarekin. Alarma egoeran ezarritako neurriak kontuan hartuta edukieraren erdia, hau da, 50 jarleku bete ahal izango dira. Eta ohi legez, aldez aurretik hartu ahal izango dira sarrerak ikuskizunetarako. Era berean, gogorarazi dute maskara jantzita izan beharko dela derrigor, kultura ekitaldi guztietan.

Antzezlanak helduendako

Ameztu Produkzioak konpainiak emango dio hasiera azaroko egitarauari domekan, umeei zein helduei bideratutako Skratx ikuskizunarekin (17:00). Trebetasunak galdu dituen superheroi baten istorioa eskainiko diete.

Hurrengo egubakoitzean, ostera, Me Too helduendako antzezlanarekin (euskaraz) etorriko dira Tessa Andonegi eta Ainhoa Aierbe aktore donostiarrak. Eta hilaren 15ean, domekan, Aitziber Garmendiak idatzitako 35 huts bakarrizketaren txanda izango da, Miren Gojenolak zuzenduta eta Esti Curielek antzeztuta. Hiru emakume hauek bat egin dute proiektu honetan, familien oinordetza emozionalak, amatasuna eta heriotza bezalako gai sakonetan murgiltzeko umorea lagun hartuta.

Bizarro eta Amorante

Musikari dagokionez eta Euskarladiaren programazioaren baitan, Bizarro talde oñatiarrak kontzertua eskainiko du azaroaren 7an, eta 20an, Azkoitia eta Azpeitiko bost musikarik osatzen duten Ro taldeak hartuko du lekukoa Arkupeko oholtzan.

Horrez gain, azaroaren 8an Iban Urizar musikaria Amorante proiektuarekin dator. Eta hilaren 14an Loyola Garmendia –Golden Apple Quartet taldeko abeslaria– eta Iñaki Salvador piano-jotzailea izango dira Zaraia aretoko taula gainean.

Miñan liburuaren aurkezpena

Liburu baten bueltako solasaldia ere izango da azaroaren 10ean. Miñan liburua aurkeztuko dute Amets Arzallus bertsolari eta idazleak eta haren lagun Ibrahima Baldek. Lan horrek Ibrahimaren historia jasotzen du, 2018an Irunera iritsi zen migratzailea. Bere patua ez zen Europara iristea, baizik eta bere anaia aurkitzea.

Literaturari dagokionez, beste hitzordu bat ere izango da azaroan. Karmele Igartua sorkuntza beka lehiaketaren sari banaketa ekitaldia izango da hilaren 14an. Aurten narrazioak eskatu dituzte.

Gurutze Mujikaren pinturak

Arkupeko erakusketa aretoan, ostera, Gurutze Mujika margolari aretxabaletarraren pinturak izango dira ikusgai azaroaren 9tik 30era arte. Paisaiak marraztea gustuko duen margolariak aurretik ere erakutsi izan ditu bere lanak Arkupen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak