Duela lau urte berreskuratu zen Aretxabaletan Gaba Baltza edo Arimen Gaua ospatzeko ohitura. Ordutik, Loratuk antolatuta, urtero egin dira kalejira eta sua, plazan. Gainera, ospakizunaren inguruko tailerrak ere egin izan dituzte; besteak beste, mozorroak prestatzeko ikastaroak.
Aurten, ordea, pandemiaren eraginez, moldatu egin behar izan dute, eta escape room gisako jolasa prestatu dute. Parte-hartzaileek galduta dagoen arima aurkitu beharko dute, Lora-mendiko hiru gelatan barrena. Horretarako, ordea, hainbat proba gainditu beharko dituzte, eta geletatik irtetea lortu. Maialen Mendieta Loratuko kideak azaldu duenez, ospakizunarekin lotura duen istorio bat asmatu dute, eta, modu dibertigarrian, ohitura zaharra bizirik mantendu nahi dute. Aurreratu duenez, zirrara sumatzen da ludotekan.
Jolasa Lehen Hezkuntzako 4, 5 eta 6. mailetako ikasleei zuzendutakoa da, baina, Mendietak argitu duenez, ez da inor beldurtzeko helburuarekin egin. Musikak girotuta, parte-hartzaileek, seiko taldeetan, geletatik irtetea lortu beharko dute.
Hiru egun eta bost txanda
Escape room-a egiteko, guztira bost txanda egongo dira. Lehenengoa hilaren 28an 17:15etik 18:00etara izango da eta bigarrena, ordu berean, hilaren 29an. Gainerakoak hilaren 30ean izango dira: 17:15etik 18:00eta-ra, 18:15etik 19:00etara eta, azkena, 19:15etik 20:00etara. Mendietak argitu du batetik besterako tarteak desinfekzio lanak egiteko baliatuko dituztela. Horri lotuta, parte hartzeko, aurrez izena eman beharko da ludotekan, euro baten truke. Gaur, astelehena, da izena emateko azken eguna , eta ludotekako erabiltzaileez gain, gainerako gazteek ere eman ahalko dute izena.