Terrazen ordenantza zehazten hasteko ekarpenak jasoko ditu Udalak

Mirari Altube Arrese 2020ko urr. 23a, 11:16

Ostalariek eta herritarrek proposamenak egin ditzakete Udalaren webgunearen bidez, gaurtik azaroaren 9a arte.

Bide publikoan mahaiak, aulkiak eta ostalaritzarekin zerikusia duten bestelako altzari batzuk jartzea arautuko duen udal ordenantza egingo du Udalak. Gaur gaurkoz ez dago halakorik, eta lan horrekin hasteko prozesu parte-hartzailea zabaltzea erabaki du. Hala, ostalariek zein herritarrek zerbitzu horrek bete beharko dituen baldintzei buruzko proposamenak egin ahal izango dituzte.

Ekarpenak udaletxeko harreran eman ahal izango dira edo Udalaren webgunearen bitartez egin: www.aretxabaleta.eus. Eta horretarako epea izango da gaurtik, urriaren 23tik, azaroaren 9a bitartean. Webgunearen bidez eginez gero, hona modua: Klik batean–Parte hartzea atalaren barruan, Egin zure ekarpena sakatu eta bete. Iradokizun guztiak aztertuko dituztela ordenantza zehazteko orduan adierazi dute Udaletik.

Terrazen jarraibideak zehaztu

Udal ordezkariek uste dute orain arte araurik egon ez izanak batzuetan "ziurgabetasun egoerak" eragin dituela ostalarien eta bizilagunen artean, "une bakoitzean egokitzat jo diren irizpideak" aplikatu direlako. Hori horrela, ordenantza honen helburua da bide publikoan terrazak nola jarri arautzeko eta baimentzeko jarraibideak eta irizpideak zehaztea. Gaineratu dute, COVID-19ak areagotu egin duela erregularizatzeko araudi propioa izateko beharra.

Ordenantza berriak arautuko ditu besteak beste, kalea okupatzeko baldintzak, terraza osa dezaketen elementuak, herritarren arteko bizikidetza ona eta espazio publikoaren erabilera arrazionala oinezkoentzako irisgarritasuna bermatzeko. Behin ordenantza zehaztutakoan alegazioak aurkezteko epea zabalduko du Udalak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak