Eguzki plakak jartzeko laguntzak izango dira

Mirari Altube Arrese 2020ko urr. 23a, 15:08

Eguzki plaka Aretxabaletako etxebizitza batean.

Ordenantza fiskalak onartu zituen udalbatzak atzo, eta zerga eta tasa gehienak izoztu egingo dituzte 2021ean. EH Bildu pozik agertu zen etxebizitzetan zein hainbat eratako jardueretan eguzki plakak jartzeko laguntzak eskainiko dituelako Udalak

2021eko ordenantza fiskalak onartu zituen atzo, urriak 22, udalbatzak eta zerga eta tasa gehienak izoztu egingo dituzte, besteak beste, ondasun higiezinen gainekoa, autoen gainekoa, urarena eta Ibarra kiroldegiko tasak. Zaborra bakarrik igoko dute, %5 hain zuzen ere.

Etxeetan eguzki plakak

EH Bildu pozik agertu da eguzki plakak jartzeko laguntzak adostu dituztelako Udal gobernuarekin. "Ondasun higiezinen zergaren bitartez 1.000 euro emango zaio familia bakoitzari etxe bakarraren kasuan; eta 3.000 euro arteko laguntza izango da hainbat bizilagunen artean jarriz gero edo lan-jarduera baten kasuan. Beti ere, egindako inbertsioaren erdia baino gutxiago bada laguntza hori", adierazi du Ion Albizu bozeramaileak.

Zaborraren tasa egokitzea

Udal gobernuak proposatutako zergak eta tasak izoztearekin bat etorri da EH Bildu: "Egoera honetan hori tokatzen da eta".

Bestetik, konfinamenduan itxita egondako merkataritza eta ostalaritza zerbitzuei terrazen gaineko tasarik ez kobratzea onartu zuten atzo, eta hobariak aplikatzea uraren eta zaborraren tasetan. EH Bilduk begi onez ikusi ditu, baina harantzago joan da: "Azken bost urteotan eskatzen gabiltza modu estrukturalean gainbegiratzea tasa horiek, bereziki zaborrarena, jarduera eta merkataritza zerbitzu batzuk asko ordaintzen dabiltzalako. Hori betiko egokitu beharko litzateke, eta ez bakarrik aurtengo kasuan".

"Beharra dutenei" laguntzak

COVID-19ak baldintzatutako urtea izanik, beste proposamen bat ere badabiltza lantzen: "Laguntza beharra dutenei zuzenean ematea egokiagoa deritzogu. Adibidez, herrian hainbat jarduera –tabernak, harategia…– izan dira itxita azken hilabeteotan, berrogeialdian egon direlako. Eta baliteke etorkizun hurbilean berriro itxi beharrean izatea, ostalaritza zerbitzuak, esaterako, Nafarroan gertatutako lez. Horiei diru-laguntza zuzenak zelan eman aztertzen gabiltza, itxita egondako egun bakoitzeko, adibidez", azaldu du Albizuk.

Unai Elkoro alkateak erantzun du kontu hori lantzeko asmoa badutela: "Badugu poltsa bat horretarako, 43.000 euro, eta laguntzak zelan eman aztertzen dihardugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak