Zergak eta tasak izoztea proposatu du Udal Gobernuak

Mirari Altube Arrese 2020ko urr. 19a, 09:31

Igoerarik izango ez duten zergen artean daude ondasun higiezinen gainekoa, autoena, obren gainekoa, urarena eta kiroldegiko tasak. Merkataritza eta ostalaritza zerbitzuen kasuan, konfinamendu osteko neurriek indarrean jarraitzea da asmoa. Eguenean egingo duten osoko bilkuran eztabaidatuko dute proposamena.

Ordenantza fiskalak onartzeko osoko bilkura egingo du udalbatzak datorren astean. Horren aurretik, Udal Gobernuak iragarri du irizpide nagusia izango dela zergak eta tasak izoztea, eta proposamen hori aurkeztu dio oposizioari.

Zaborrak, %5eko igoera

Igoerarik izango ez duten zergen artean honako hauek proposatu dituzte: ondasun higiezinen gainekoa; autoen gainekoa; eraikuntza, instalazio eta obren gainekoa; eta urarena. Horiekin batera, Ibarra kiroldegiko tasak ere izozteko asmoa dutela iragarri dute. Erabaki hori hartzeko aipatu duten arrazoi nagusia da bizi den egungo egoeran ez duela zentzurik igoerarik aplikatzea herritarrei.

Zaborra, ostera, %5 igotzea da proposamena; iazko igoera berbera, hain zuzen ere. Aurreko agintaldian hartutako erabakiari jarraituko diote horrela, zaborraren zerbitzu kostuak ordaindu arte, hau da, gastuak estali arte, horren gaineko tasa igotzen segitzea. Hain zuzen, Udalak une honetan ordaintzen du tasa bidez jasotzen duena baino gehiago. Gainera, Debagoieneko Mankomunitatearen asmoa da %3,8 igotzea zaborraren gaineko tasa, Udalak jakinarazi duenez.

Merkatariak eta ostalariak

Ostalaritza zerbitzuei eta merkatariei erreparatuta, konfinamendu ostean hartutako hainbat erabakiri eustea da asmoa. Hala, terrazen gaineko tasarik ez kobratzea proposatuko du Udal Gobernuak, azken hilabeteotan egindako legez.

Zaborraren kasuan, hiruhilekoari dagokion erdia ordaindu dute saltokiek, ostalaritza zerbitzuek eta negozioek konfinamendutik hona, eta datorren urtean ere hala jarraitzeko proposamena egingo dute osoko bilkuran.

Uraren tasan ere aldaketa egitea erabaki zuten, merkatariei eta ostalariei laguntze aldera. Hortaz, gutxieneko bat beharrean, gastatutakoaren arabera ordaintzen dute martxoa ezkero, eta horrekin jarraitzea mahai gaineratuko dute.

Terrazen, zaborraren eta uraren tasetan egindako aldaketen ondorioz 50.000 bat euro gutxiago jasoko dituela uste du Udal Gobernuak.

Osoko bilkuran onartu behar

Behin betiko proposamena eguenean egingo duten osoko bilkuran aurkeztuko dute. Eta hori onartutakoan, 2021ean indarrean izango dira tasa eta zerga horiek guztiak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak