Aretxabaletako atentatuaren auzian errugabetzat jo dituzte 'Kubati' eta Latasa

Itziar Larrañaga Sarasola 2020ko urr. 15a, 15:00

Espainiako Auzitegi Nazionalak absolbitu egin ditu Antton Lopez Ruiz Kubati eta Jose Miguel Latasa Getaria Fermin preso ohiak. Pasa den astean epaitu zituzten 1986ko uztailaren 26ko goizaldean Aretxabaletako kuartelaren aurka egindako atentatuagatik. Gaur jakitera eman den epaian errugabetzat jo dituzte, beraien aurkako "froga zuzenik" ez dagoela argudiatuta.

Orain dela 34 urte Aretxabaletan egindako atentatu hartan, Terrorismoaren Aurkako Landa taldeko (GAR) bi guardia zibil hil ziren. Epaiketan, Kubati-k eta Latasak, biek adierazi zuten, ez zutela Aretxabaletako atentatuan parte hartu; fiskaltzak aldiz, 66 urteko espetxe zigorra eskatzen zuen akusatuentzako.

Epaileek gaur aditzera eman dutenez, akusatuen kontrako froga bakarra erasoan erabilitako PVCzko hodi batzuetan haien hatz markak agertu izana da. Baina ez dago "beste zantzurik, ezta froga zuzenik ere" hodiak manipulatzea baino zerbait gehiago egin zutela esateko. Izan ere, ez zuten topatu haien hatz markarik erasoan erabili baina lehertu ez ziren lehergailu batzuetan. Gainera, nabarmendu dute uztailaren 25eko gau berean beste eraso batean parte hartzeagatik zigorra jarri zitzaiela akusatuei –Guardia Zibilak Ordizian zuen kuartelaren kontrako erasoa–.

1988an itxi egin zuten kasua, froga faltagatik. Geroago, beste bi alditan ere eskatu zuen Fiskaltzak berriro zabaltzeko: 1997an eta 2001ean. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak