Bukatutzat eman du bonuen kanpaina Udalak

Mirari Altube Arrese 2020ko urr. 9a, 10:00

Bonuak saltzen Arkupen, ekainean.

"139.000 euroko inpaktu ekonomikoa" eragin du maiatzetik urrira abian egon den kanpainak. Bonuen erosketak behera egin duela-eta iraila ezkero ez dute txartel berririk atera; dena den, orain arte erositakoak urrian ere gasta daitezke.

Joan den maiatzean jarri zuen abian bonuen kanpaina Udalak, COVID-19aren osasun krisiak tokiko merkataritzan eta ostalaritza zerbitzuetan eragindako ondorio sozioekonomikoak arintzeko asmoarekin. Azken txartelak uztailean jarri zituzten salgai, eta orain, kanpaina horren gaineko balorazioa egin dute. Udalak jakinarazi duenez, 139.000 euroko inpaktu ekonomikoa eragin du kanpaina horrek merkataritzan, ostalaritzan eta zerbitzuetan.

3.400 bonu

Hasierako asmoa zen bonu sorta bat ateratzea hilero urte amaierara arte –abuztuan izan ezik–. Eta horrela egin da maiatzetik uztailera: guztira, 3.400 jarri dituzte salgai 50 eta 5 euroko taloitegietan, eta herriko ehun negozio ingurutara iritsi direla jakinarazi dute. Bonu gehien jaso dituzten saltokiak izan dira, besteak beste, arropadendak, zapata-dendak eta harategiak.

Lehen hilabeteetan onarpen handia izan zuen herritarren aldetik; maiatzean, esaterako, ilarak sortu ziren erosteko, eta hiru egunean agortu ziren 50 eurokoak: 650 bonu, guztira. Lehen uneko berotasun hura, baina, hozten joan zen, eta irailean, salmenta jaitsi egin zela ikusita, ez zituzten bonu gehiago atera. Hala ere, dagoeneko zirkulazioan zeuden txartelak erosteko aukera egon da, eta urrian zehar gastatu ahal izango dira horiek.

Laguntza handitzea

Ateratako bonuetatik 2.300 saldu dira, eta Udalak 27.000 euro inguru gastatu ditu tokiko ekonomia suspertzeko bideratu ziren 70.000 euroetatik. Hori horrela, gainerako 43.000 euroekin zer egin ez du zehaztu; hainbat aukera aztertzen dabiltza herriko merkataritzari, ostalaritzari eta negozio txikiei laguntzen jarraitzeko. Mahai gainean duten aukeren artean dago kopuru hori handitzea. Foru Aldundiak hainbat laguntza bideratu ditu udalerrietara merkataritza zein ostalaritza zerbitzuek COVID-19ari aurre egiteko egindako inbertsioei laguntzeko –manparak, kristalak, gela…–. Aretxabaletako Udalak 29.000 euro jaso ditu, eta hori ere aurreko 43.000 euroei batzea aztertzen dabiltza. Hala eginez gero, dirulaguntza partida bat aterako dute.

Gabonetako bonuak

Gabonei begira, aurreko urteetan lez, bonuak ipiniko dituztela salgai aurreratu dute, eta kanpaina indartuko dutela gaineratu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak