Futbol gosez daudela erakutsi dute zaleek Ibarran

Mirari Altube Arrese 2020ko urr. 1a, 10:18

Realeko Ohorezko Gazteen aurka jokatu zuen atzo partidua UDAko Ohorezko Erregionalak eta publikoari ateak zabaltzea erabaki zuen kirol elkarteak. Zaleek pozik hartu zuten erabakia, eta esertzeko hautatutako 200 jarlekuak –harmailen edukiaren %60– laster bete zituzten.

Lan handia egin zuten Aretxabaleta kirol elkarteko kideek segurtasun eta osasun neurriak "zorrotz" betetzeko. Atean, izen-abizenak eta telefono zenbakia eskatu zizkieten guztiei, baita tenperatura hartu ere. Eta harmailetan ondo zehaztutako jarlekuetara bideratu zituzten ikusleak. 

Ohorezko Erregionaleko taldea gertutik ikusi gura izan zuten askok; izan ere, harrobiko jokalariekin indartu dute. Gainera, Realeko Ohorezko Gazteen artean bi aretxabaletar daude: Beñat Elkorobarrutia jokalaria eta Gorka Valle entrenatzaile taldean. Horien lana gertutik ezagutzeko gogoa ere bazegoen.

Ez zen aparteko partidua izan eta lehen zatian apenas egon zen gol aukerarik, bakarren bat batak zein besteak. Bigarrenean iritsi ziren etxekoen bi golak; lehenengoa, Jon Ander gasteiztarrak egin zuen, eta bigarrena, Unai Cebrinok, Ohorezko Gazteen taldetik igo berri duten aretxabaletar gazteak. Hala, 2 eta 0 irabazita Realekoei pozik etxeratu ziren zaleak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak