Ibarra kiroldegiko tasa osorik kobratzen hasiko dira urritik

Mirari Altube Arrese 2020ko ira. 28a, 16:02

Azken hilabeteetan kiroldegiaren instalazioak erabili dituztenek bakarrik ordaindu dute tasa murriztua.

Urriarekin batera Ibarra kiroldegiko tasa osoak hasiko direla kobratzen jakinarazi du Udalak. Pandemiaren hasieran itxita izan zen kiroldegia hainbat astez, eta tasak bertan behera uztea erabaki zuten orduan. Ondoren, alarma egoera amaitu eta txanda-sistemarekin jarduerari berrekin ziotenean, tasa murriztua aplikatzea erabaki zuten instalazioak erabili dituztenei. Uztailetik iraila arte iraun du horrek, eta, Udalak aditzera eman duenez, neurriak tasen diru-sarrerak 315.000 euro murriztu ditu, 2019ko epe berarekin alderatuta.

Irailean hainbat baja

Aretxabaletan erroldatutako 18 urtetik gorakoek 26,98 euroko kuota ordainduko dute hilean –32,55 euro beste herri batzuetakoek–. 14-17 urte bitarteko gazteei eta 18-23 urte bitarteko ikasleei, ostera, 22,47 euro kobratuko diete –24,72 euro gainerakoei–. 65 urtetik gorakoek 17,98 euro ordainduko dituzte instalazioak 07:00etatik 16:00etara erabiltzen badituzte –19,10 euro Aretxabaletan erroldatuta ez dauden bazkideentzat–.

Une honetan 2.962 abonatu ditu Ibarrak. Irailean erregistratu dela aurtengo bajen kopururik altuena jakinarazi dute, guztira 166 bazkide, 79 altaren aldean. Urte hasieran 57 baja eta 82 alta izan ziren, eta urtea hasi denetik hona, 399 baja eta 258 alta. Kirol jarduerei dagokienez, orain arte, 513 lagunek eman dute izena 21 ekintzatan.

Txanda sistema

Irailaren 14tik ordutegi luzeagoa du kiroldegiak: astelehenetik ostiralera 07:00etatik 21:30era; zapatuetan 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara; domeketan 09:00etatik 14:00etara. Instalazioak erabiltzeko txanda sistemarekin jarraitzen dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak