Gaztelekuak eta ludotekak berritasun askorekin hasiko dute ikasturtea

Mirari Altube Arrese 2020ko ira. 25a, 18:04

Nerabeendako zerbitzuak urriaren 2an ekingo dio ikasturteari eta ludotekak 5ean, aurretik ate irekiak egingo dituzte azken horretan. Espazio berriak gertatu dituzte segurtasun neurriak betetzeko eta edukiera eta txanda sistema ezarri dute

Urrian ekingo diote ikasturteari ludotekako umeek zein gaztelekuko nerabeek. Udaletik jakinarazi dute pandemiak sortutako egoerara egokituko dituztela zerbitzuak, "segurua, kontrolatua eta erabiltzaileen gozamenerako egokia" eskaintzeko.

Ludotekak bi egoitza

Algara ludotekaren zerbitzua 4 eta 12 urte arteko neska-mutikoei bideratuta dago eta Gernika plazako egungo egoitzan eta Zainduz gimnasioa izandako lokalean egongo da kokatuta. Astelehenetik egubakoitzera bitartean ordu eta laurdeneko txandak antolatuko dituzte, 16:45etik 18:00etara eta 18:15etik 19:30era, eta bakoitzean, gehienez, 13 eta 14 erabiltzaile artean egongo dira.

Urriaren 5ean jarriko dute martxan ikasturtea eta datorren astean, astelehenetik eguenera bitartean, ate irekien jardunaldiak egingo dituzte, 16:45etik 17:45era eta 18:00etatik 19:00etara bitartean.

Txanda berean mantenduko dituzte ikastetxeetan antolatutako burbuila taldeak. Eta eguraldiak laguntzen badu aire zabaleko jarduerak lehenetsiko dituztela iragarri dute; barrukoak, ostera, hezitzaileak gidatuko ditu uneoro. Hartuko dituzten neurrien artean honako hauek daude: erabilitako materiala kendu egingo da eta ezingo dute erabili desinfektatu arte; tenperatura neurtuko diete egunero eta nahitaezkoa izango da maskara erabiltzea (6 urtetik beherakoentzat izan ezik); eta eskuak garbitu beharko dituzte.

Matrikularen prezioa 90 eurokoa da ikasturte osorako eta bi epetan ordaintzeko aukera eskaini dute (urrian eta urtarrilean). Izena emateko bi bide daude: 943 79 05 81/ 634 452 837 edo algaraludoteka@gmail.com.

Gaztelekuan, kuadrillaka

Gaztelekuaren ikasturtea urriaren 2an hasiko da, eta komentura lekualdatuko dute segurtasun neurriak betetzeko. 12 eta 16 urte bitarteko nerabeentzako zerbitzua bi gelatan banatuta egongo da, eta sarrera independenteak izango dituzte.

Gelek, gehienez, 12-13 kideko edukiera izango du eta kuadrillaka antolatuko dira; ordu eta erdiko txandak erreserbatzeko sistema batekin funtzionatuko dute. Egubakoitzetik domekara zabalduko ditu ateak (16:30-21:00).

Izena emateko hiru bide daude: udalaren webgunea, QR kodea eta ikastetxeetan banatu duten zirkularra. Urriko ostiraletan jarduera zehatzak programatuko dituzte lehen aldiz joango direnentzat (DBHko 1. mailakoak).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak