Herriko bost menditara joateko deia, presoen egoera zabaltzera

Mirari Altube Arrese 2020ko ira. 25a, 13:05

Erlaitz mendi tontorra, Izan Bidea zapiarekin.

Izan Bidea ekimenaren bueltan, mendi tontorretara igotzeko dei egin du Sarek urriaren 3rako. Aretxabaletan bost hautatu dituzte: Elorretako Aitza, Aranguren, Arlutz, Erlaitz eta Muru. Horietara igotzera animatu gura dituzte herritarrak

Sare Herritarrak maiatz inguruan abian jarri zuen Izan Bidea ekimenak beste erronka bat du jomugan urriaren 3rako: Euskal Herriko 650 mendi tontorretara igotzea –Gipuzkoan 113 dira eta Debagoienean, 29– eta horietatik euskal presoen aldeko aldarrikapenak lau haizetara zabaltzea.

Aretxabaletan bost tontor hautatu dituzte; lau Kurtzebarri mendiaren bueltan daudenak –Elorretako Aitza, Aranguren, Arlutz eta Erlaitz– eta bosgarrena, Muru. Sare Herritarreko kideak hainbat aretxabaletarrekin antolatu dituzte igoera horiek: "Presentzia bermatuta egongo da tontor guztietan, pilaketak ekidinda eta segurtasuna zainduta. Kurtzebarri bueltako horietara igotzeko herritarrekin egon gara, kuadrillak osatzeko ardura har dezaten", adierazi du Txarli Garciak: "Murura, ostera, familia giroan joan daitekeela uste dugu; samur igo daiteke eta goian egoteko ere ez dago arazorik, tontor zabala izanik".

Igotzera animatzen direnek ez dute aurretik izenik eman beharrik; 11:30ean tontorrean agertuz gero nahikoa da, eta han argazkiak aterako dituzte.

Egoeraren berri ematen

"Presoen eskubideek urratuak jarraitzen dute. Eta pandemia sasoi honetan okerrera egin dute: isolamenduan, asko kanpokoekin hartu-emanik gabe, aurrez aurreko bisitarik gabe...", dio Garciak. Horregatik, auziari "behin behiko konponbidea" topatzeko gizarte zibila mobilizatzea ezinbestekoa dela uste du: "Beste espetxe politika bat behar da, eta presoak etxeratzen hasteko garaia da". Horren guztiaren berri ematen dihardute herritarrei, eta Aretxabaletako eragileekin eta elkarteekin banan-banan egin dituzte bilerak: "Egoeraren berri eman diegu, baita Gabonak bitartean ditugun asmoen berri ere. Harrera beroa jaso dugu guztietan".

Aurrez aurreko bisita barik

Picassenteko kartzelan (Valentzia) dagoen Gari Garcia Arrieta izango dute gogoan aretxabaletarrek urriaren 3an. Lehenengo graduan dago, kondenaren erdia beteta. "Aurrez aurreko bisitak kendu egin zizkiguten abuztu bukaeran, eta ez dakit noiz egin ahal izango ditugun berriro. Gainerako bisitak baditu, baina lau lagun beharrean bi bakarrik sar daitezke", azaldu du haren arreba Amaia Garciak: "Gainerakoan, ondo dago".

Gaur, hilabeteko azken egubakoitza, presoen aldeko elkarretaratzea egingo dute Herriko Plazan (19:00).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak