Moriako errefuxiatuei elkartasuna agertu die Aretxabaletako Udalak

Mirari Altube Arrese 2020ko ira. 18a, 14:23

Moriako (Grezia) errefuxiatuendako eremuan –12.000 lagun izatera iritsi dena–  sute handia izan da azken astean. Horren berri zabaltzeko, elkartasuna adierazteko eta laguntza bideak zehazteko asmoarekin adierazpen instituzionala adostea proposatu dio Aretxabaletako EH Bilduk Udal Gobernuari eta honek onartu egin du.

Morian zeudenak orain sakabanatuta, eta asko galduta, dabiltzala diote adierazpenean: "Elkarte eta erakundeak egoeraren mapeoa egiten ari dira, errefuxiatuak non pilatu diren aztertzeko eta janaria nola banatu eta haiengana nola heldu baloratzeko". Lan hori egiten dabiltzanen artean dago, hain zuzen, Zaporeak euskal elkartea.

Hori horrela, Aretxabaletako Udalak onartu du errefuxiatuak hartzeko prestutasuna erakustea, eta haiekin lanean diharduten erakundeekin lan egiteko konpromisoa hartzea. Era berean, iheslariak integratzeko harrera planari eusteko konpromisoa berretsi du, Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin batera.

Immigrazio eta asilo arloan politika bateratuak egiteko eskaera ere egingo die Espainiako Gobernuari eta Europako erakundeei, "pertsonei lehentasuna emanez eta giza eskubideen zaintza bermatuz". Eta Moriako gertaeraren aurrean jarrera aktiboa eta solidarioa hartzea ere eskatu gura die Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari, "tragediaren ondorioak arintzeko eskura dituzten bitartekoak bideratuz".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak