Aurten San Migel jairik ez ospatzea erabaki du Aretxabaletako Udalak

Mirari Altube Arrese 2020ko ira. 17a, 19:30

Herritarrei eskatu diete erantzukizunez jokatzeko eta festa bultza dezaketen ospakizun alternatiboak saihesteko.

Irailaren 25etik 27ra bitartean ospatzekoak ziren San Migel jaiak bertan behera geratu dira. Hala erabaki du Udalak, "koronabirus kasuen gorakadaren ondorioz"; egoera horrek "jaiak egitea eragozten" duela nabarmendu du Unai Elkoro alkateak: "Sanmigelak ospatzeko baldintza egokirik ez dago, herritarren parte-hartzea baita horien funtsa. Jaiak itzuliko dira, baina orain arduratsuak izan behar dugu, pilaketei uko eginez eta osasuna beste ezeren gainetik lehenetsiz pandemiari aurre egiteko".

Erantzukizunerako deia

Alkateak erantzukizunez jardutera dei egin du, eta "orain arte bezala" COVID-19ak eskatzen duen legez jokatuko dutela aretxabaletarrek uste du: "Andramaixekin gertatu zen bezala, sanmigelak bertan behera geratu dira. Ez da jairik izango. Beraz, festa bultza dezaketen ospakizun alternatiboak saihestez eskatzen dugu, berragerpen berrien foku eta inguruko udalerrietako bizilagunentzako dei efektu bihur daitezkeelako".

Kultur programa urrian

Bestalde, ekainean eta uztailean berreskuratutako kultur programazioak urritik aurrera jarraipena izango duela iragarri du Udalak. Programa lantzen dihardute orain eta datozen asteetan emango dute horren berri. Ekitaldi guztiak segurtasun neurrietara egokituta egongo direla ziurtatu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak