Talde identitatea lortu nahian, martxan da UDA

Imanol Beloki Unamuno 2020ko ira. 17a, 18:00
UDAko lehen taldeko jokalariek talde argazkia atera zuten eguazteneko lagunartekoaren aurretik.

Hiru jokalarik taldea utzita, bi fitxaketa berrirekin eta Erregional eta Preferente mailetatik zenbait jokalari lehenengo taldera pasata, denboraldi-aurreko lagunartekoekin hasi dira UDAko jokalariak. Talde gaztea bada ere, asmo handiko helburuak dituzte.

Gipuzkoa mailako futbol txapelketak urriko hirugarren asteburuan hastea aurreikusten ute. Hori horrela, oporraldiaren atsedenaldiaren ostean, abuztu amaieran hasi ziren lanean UDAko jokalariak, eta, denboraldi-aurrea prestatzeko, lagunartekoekin dihardute.

"Joan den zapatuan izan genuen denboraldi-aurreko lehenengo partidua, Zumaian, eta 1-3 irabazi genuen. Jendeari minutuak emateko, erritmoa hartzen joateko eta, denbora luzean geldi egon ostean, berriz martxan jartzeko", adierazi du Mikel Larburu entrenatzaileak. Gainera, lagunartekoak maila handiko taldeen aurka jokatzearen aldeko apustua egin dutela adierazi du Larburuk: "Zumaiaz eta Eibarrez gain, Hirugarren Mailako Lagun Onak, Eibar Ohorezko Mailako Erregionala, Ermua, Reala –gazteak edo Real C zehazteko–, Aurrera Vitoria eta Olabide taldeen aurkako partiduak izango ditugu. Liga ez da luzea izango eta lehiarako erritmoa hartzeko partidu dezente jarri ditugu prest egoteko".

Eguazten honetan, berriz, etxean jokatu dute partidua, Eibarko Ohorezko gazteen aurka. Ateak itxita jokatu zuten, eta etxeko taldeak garaipena lortu zuen. Partiduan aukera asko izan ez ziren arren, azken minutuetan Zaitegik sartu zuen gola. Hala, 1-0 amaitu zen partidua.

UDAko zenbait jokalari berotzen, Eibarko Ohorezko gazteen aurkako lagunartekoaren aurretik.

Etxekoen aldeko apustua

Etxekoen apustu irmoa eginda hasi gura dute denboraldia UDAko futboleko lehenengo taldekoek, eta, Urko, Gillen eta Zigor jokalariek taldea utzita, haien hutsunea betetzeko bi fitxaketa egin dituzte: Asier Baztan gasteiztarra ezker hegaleko defentsa eta Aitor Iñiguez, Elorriagako (Araba) erdiko aurrelaria. Baztan iaz jokatzen ez egon arren, Bermeon Hirugarren Mailan eta Mirandesen aritutako jokalaria da. Iñiguez, berriz, Aragoin izan da lan kontuengatik, baina beka batekin AEBetan futbolean aritutakoa da.

ASIER BAZTAN ETA AITOR IÑIGUEZ DIRA AURTENGO DENBORALDIRAKO FITXAKETA BERRIAK

Gazte mailatik eta Preferentetik ere hainbat jokalari igo dituzte lehenengo taldera. Gazte mailatik: Josu Aizpurua, Unai Cebrino, Mikel Ezeiza, Aritz eta Ibai; eta Preferentetik: Unai Beloki eta Txino.

Liga, bi multzotan banatuta

Helburua gazteen aldeko apustua egitea dela adierazi du Larburuk. "Taldeak identitate hori berreskuratzen jarraitu gura dugu. Iaz, seigarren postua lortu genuen sailkapenean, eta ilusioa eragin zuen. Aurten, berriz, liga bi multzotan banatu da, eta bederatzi talde egongo gara ligan, gehienak Debagoienekoak. Hiru sailkatzen dira igoera faserako, eta hiru postu horietan geratzea da asmoa. Anbizio handiko helburua".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak