Real Sportingen lanari ekiteko gogoz dago Oihana Aldai

Mirari Altube Arrese 2020ko ira. 12a, 10:00

Oihana Aldai orain dela hilabete batzuk. Argazkia: Oihana Aldai.

Aretxabaletako atezainak urtebeterako sinatu du Gijongo taldearekin, baina oraindik ez du haiekin elkartzeko aukerarik izan. Entrenamendu saioekin ez dira hasi, baimenik ez dutelako, eta Bigarren Mailan diharduen taldeak ez daki noiz hasiko duen liga.

Oihana Aldai atezainak Real Sporting taldean jardungo du aurten. Hala jakinarazi zuen uztailean sare sozialen bitartez, eta, iraila aurrera doala, denboraldia noiz hasiko zain dago; izan ere, oraindik entrenamendu saiorik ere ez dute egin.

Arauak, erkidegoen esku

"Lehenengo Mailako liga urriaren 18an hasiko da eta gurea horren ondoren, baina zehaztu barik dago. Futbol Federazioak autonomia erkidegoen eskuetan utzi zuen arauak ezartzea, eta, ondorioz, gu zain gaude oraindik", azaldu du aretxabaletarrak. Badaki beste erkidego batzuetako taldeak abuztutik dabiltzala lanean, eta horrek ezintasuna sorrarazten dio. "Joan den astean ginen hastekoak entrenamenduekin, baina atzeratu egin da kontua. Eta oraingo astean ere ez gara hasi, segurtasunez entrenatzeko baldintzak ez direla betetzen esanaz". Lanean hasteko, gainera, PCR probak egin behar dizkiete lehenengo.

Reto Iberdrola ligaren hasiera zehaztutakoan, hilabeteko aldearekin jakinarazi behar diete taldeei denboraldia prestatzen has daitezen: "Ez da justua, beste talde batzuek dagoeneko hilabete daramatelako prestatzen, eta lagunartekoak ere egin dituztelako. Ez dut ulertzen liga nazionala izanda arauak zergatik ezartzen dituzten erkidegoek. Lehenengo Mailako emakumeak ez badira kontuan hartzen, pentsa Bigarren Mailakoak". Egoera horren ondorioz oraindik ez da elkartu taldekideekin eta ezagutu ere ez ditu egiten.

Futbolean jarraitzeko "gogotsu"

Kordobako Pozoalbense taldean hasi zuen 2020a Aldaik eta konfinamenduak hantxe harrapatu zuen. Liga bertan behera geratu zen martxoan, ezustean, eta maiatzean talde andaluziarrari agur esan zion.

Uztailean sinatu zuen, urtebeterako, Gijongo Real Sporting taldearekin, eta "ilusio handiarekin" dago berriro jokatzen hasteko: "Otsaileko azken asteburutik nago partidu bat jokatu barik, eta oso luze dabil egiten itxaronaldia". 28 urte ditu aretxabaletarrak eta oraindik asko duela emateko sentitzen du: "Sentsazioak berreskuratu eta dena emateko gogoz nago".

Maren Lezeta, Realean

Leintz Arizmendiren harrobiko Maren Lezeta gaztetxo aretxabaletarrak Realaren bigarren taldean jokatuko du aurten. Abuztuaren 12an hasi zituen entrenamendu saioak eta "oso pozik" dihardu lanean ordutik, "gozatzen eta ikasten".

Maren Lezeta –lehenengoa makurtuta– taldekideekin. Argazkia: Real Sociedad

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak