Eskolaz kanpoko jarduera batzuk, abian

Mirari Altube Arrese 2020ko ira. 11a, 18:00

UDAko pilotariak entrenatzen, eguaztenean.

Kirolari federatu gehienek hasi dituzte entrenamendu saioak azken asteotan eta eskola kiroleko neska-mutikoek urriaren 1ean ekitea da asmoa; Leizarra musika eskolako ikasleak ere astelehenaz geroztik hasita daude lanean.

Ikastetxeek ez ezik, eskolaz kanpoko jarduera batzuek ere egunotan jarri dute abian ikasturtea. Hala, herriko kirolari asko dagoeneko hasi dira denboraldi berria gertatzen, eta gaztetxoenek –eskola kirolean dihardutenak– ere laster ekingo diote; urriaren 1ean, Aldundiak jakinarazi dienez elkarteei. "Kategorien arabera antolatu gura dute eta datorren asterako izango dugu guztiaren berri", adierazi du UDAko kudeatzaile Ainara Mugak, eta gaineratu: "UDAk lehentasuna eman dio kirola egiteari, gazteak geldi egotea ez delako ona, eta protokoloa ondo zehaztu dugu horretarako".

Pilota hasita, karatea hastear

UDAko pilotari batzuek astean hasi dituzte entrenamendu saioak. "Entrenatzaileak eta pilotariak bakarrik egon daitezke frontoian. Eta partiduetan ere ikuslerik ez", dio Juan Mari Errasti entrenatzaileak. Irailean bertan Gipuzkoako txapelketa jarriko dute abian eta Aretxabaletako gazteek eta nagusiek ere jokatuko dute hori.

Karate taldeko kideek astelehenean ekingo diote lanari; kadeteak, gazteak, 21 urtez azpikoak eta nagusiak hasiko dira entrenatzen. "Hilabete honetan kanpoan egingo ditugu saioak eta bakarkakoak izango dira, distantzia mantenduz", azaldu du Odilo Vazquez entrenatzaileak.

Ibarra futbol zelaia, martxan

Ibarra futbol zelaiak ez du hartu ohiko martxa oraindik, baina talde asko hasita daude entrenatzen: federatutako guztiak, hain zuzen ere. Era berean, eskola kiroleko kontuak antolatzen hasita daude.

Leintz Arizmendik sei talde –eskola kiroleko bat horien artean– izango ditu aurten eta Ibarra futbol zelaian ohorezko kadeteen taldeak eta infantilen taldeetako batek entrenatu eta jokatuko dute. "Kadeteak irailaren 21ean hasiko dira lanean, seguru asko, eta infantilak geroago", adierazi du Urtzi Amiano arduradunak.

Musika eskolan, lanean

Ikasleak astelehenean itzuli ziren Leizarra musika eskolara eta arau berrietara arazo barik ohitu dira. Hala, Arkupe kultura etxea hasi da berriro martxan hartzen, baina oraindik ez dute zehaztu beste jarduera batzuk, pintura eskolak, esaterako, noiz jarriko diren abian.

Musika eskolako ikasleak lanean, eguazten arratsaldean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak