Kirol jarduerak, irailaren 14tik aurrera martxan Ibarra kiroldegian

Imanol Beloki Unamuno 2020ko ira. 4a, 09:41

Ibarra kiroldegiko igerilekua.

Ibarra kiroldegiak iraileko ordutegi berriarekin hasi du ikasturtea, eta, horrekin batera, kirol jardueretan izena emateko aukera ere zabalik da. Saioak irailaren 14an hasiko dira eta ikastaroren batean izena eman nahi duenak aukera izango du horretarako.

Ibarra kiroldegiak irailerako ordutegi berria diseinatu du, eta, horrekin batera, kirol jardueren eskaintza ere martxan jarriko da irailaren 14tik aurrera. Gainera, kirol jardueraren bat hasi aurretik probatu nahi duenak aukera izango du horretarako, irailaren 14tik 17ra bitartean, aurrez hitzordua hartuta.

Neurriak hartuta

Segurtasun neurri guztiak hartuta eta protokoloa ezarrita, Ibarra kiroldegiko instalazioetara maskararekin joatea derrigorrezkoa izango da, eta baita erabiltzaileen arteko segurtasun distantziak mantentzea. Aldagelak erabilgarri egongo diren arren, Osasun Sailak ezarritako edukiera mugak bete eta bertan ilara luzeak ez izateko, gimnasiora zein jardueretara doazenek etxetik aldatuta joan eta etxean dutxatzeko gomendioa egin dute.

Iraileko ordutegia

Irailaren 14ra arte, 08:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 21:00etara bitartean egongo dira zabalik instalazioak. Zapatuetan, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara, eta irailaren 6an eta 13an –domekak– eta irailaren 26a itxita egongo da. Irailaren 14tik aurrera, berriz, 07:00etatik 21:30etara bitartean egongo da zabalik kiroldegia astegunetan, eta irailaren 20an eta 27an –domekak–, berriz, 09:00etatik 14:00etara bitartean egongo da zabalik.

Eskaintza zabala

"Herritarrak kirola egitera animatu nahi ditugu. Hala, jardueraren batean izena eman aurretik probatu nahi duenak aukera izango du horretarako", adierazi du Asier Mujikak, Kirol teknikariak. Honako hauek dira, bestalde, prestatu dituzten zenbait ikastaro: igeriketa, areto bizikleta, multifitnessa, sasoian egoteko gimnasia, GAP, yoga, KOI, gimnasia abdominal hipopresiboa, tonifikazioa, xunba, pilatesa, core training-a…

Jardueretako edukierak murriztu egin dituzte, eta, saio artean garbiketa eta desinfekzio neurriak betetzeko, saio batzuen iraupen denbora laburtu egin dute. Taldea osatzeko gutxieneko kopurua, berriz, zortzi pertsonakoa izango da aretoko jardueretan eta sei pertsonakoa uretakoetan.

Izen-ematea zabalik

Hala, kirol jardueretan izena emateko epea zabalik, nahi duenak info@ibarrakiroldegia. eus helbidera idatzi edo 943 03 98 42 telefono zenbakira deitu beharko du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak