"Pozik" Loratu ekimenak eman duen fruituarekin

Mirari Altube Arrese 2020ko uzt. 24a, 19:00

Neska-mutikoak pozik, Loratu egitasmoaren baitan antolatutako ekintza batean.

Ohiko udalekuak egungo egoerara moldatu eta Loramendiren bueltan, Udalaren babesarekin, sortutako egitasmoak 6 eta 12 urte arteko 122 neska-mutiko elkartu ditu hiru astez; gaur, egubakoitza, amaiera emango diote horri.

Udalekurik ez da izan aurten, baina bai Loratu ekimena. Udalekuetan antolatu izan diren antzeko jarduerak eskaini dizkiete umeei; betiere, egoera berrira moldatuta –talde txikietan eta beti maskarekin–. Gaur, egubakoitza, agur esango diote hiru asteotako jardunari.

Uztailaren 6an jarri zuten abian ekimena, eta, lehen egunetan beldur apur bat igarri bazuten ere ume batzuengan, laster uxatu zutela hori diote: "Egoera berri honek eskatzen dituen arau guztietara moldatu dira inolako arazo barik; maskaren derrigortasunik ez zegoenean ere jantzita erabili zituzten", eta gaineratu dute: "Guztira 122 neska-mutiko izan dira eta horiekin 21 begiralek jardun dute. Horiek erakutsitako konpromisoa ere azpimarratzekoa da".

Jolas eta irteera asko

Astelehen eta martitzen honetan jarduera etetea erabaki zuten, Osasun Sailak emandako gomendioei jarraituta, baina eguaztenean berrekin zioten ekimenari. Hiru asteotan ginkana jolasean eta altxorraren bila jardun dute, Areantzan kanpaiak jo dituzte, Murura eta Kurtzetxikira joan dira, eta uraren eguna eta olinpiadak izan dituzte. Horiek dira egindako jardueretako batzuk. "Umeak gustura ibili dira, gurasoak pozik daude eta gure balorazioa ere positiboa da. Hortaz, aurrera egiteko baliagarria izango da esperientzia hau".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak