Karmele Igartua irakasle eta idazle aretxabaletarra gogoan antolatutako beka da eta sorkuntza sustatzea du helburu. Hala, hainbat genero landu izan dituzte, besteak beste, poesia, antzerkia eta narrazioa. Iazko irabazlea Mikel Gartziarena izan zen Harra ipuinarekin.
Irailaren 30a azken eguna
Narrazioak euskaraz idatziak izango dira, ez da inolaz ere itzulpenik onartuko. 16 urtetik gorako edonork har dezake parte lehiaketan eta bi eratakoak izan daitezke: narrazio bakarra edo narrazio bilduma. Betiere 10-15 orritakoa izan beharko da. Irabazleak 2.500 euroko saria irabaziko du. Lanak irailaren 30a baino lehenago bidali beharko dira posta elektronikoz –kultura@aretxabaleta.eus– edo posta arruntez: Otalora kalea 1, 20550 Aretxabaleta.
Epaimahaia Bergarako Idazle Eskolak izendatuko du eta erakunde horretako kideen eta literatura munduko pertsonen artean aukeraturiko kideekin osatuko da. Jasotako lan guztiak erreparatu ondoren, epaimahaiak irabazlea aukeratu eta urriaren 30a baino lehen jakinaraziko du.
Informazio gehiago eta oinarriak www.idazten.com webgunean.