Osasun etxe berriaren proiektua, aurrera bidean

Mirari Altube Arrese 2020ko uzt. 20a, 17:10

Basotxo erretiratuen elkarteak egoitza duen eraikina.

Basotxoren eraikinean izango du lekua osasun etxe berriak eta Eusko Jaurlaritzak proiektua idazteko lehiaketa deia egin du oraintsu. 1.700 metro koadroko eraikina guztiz eraberritzea da asmoa, eta Udaleko Gizarte Zerbitzuek ere izango dute lekua.

Osasun etxearen leku beharra ez da gaur egungo kontua, eta Eusko Jaurlaritzak horri irtenbidea eman gura dio. Basotxo erretiratuen etxea –antzinako zaharren egoitza– izango da kokaleku berria, eta horren proiektua idazteko lehiaketa deitu zuen uztailaren 1ean. Idazte lanen aurrekontua 137.038 euro da –BEZa barne– eta uztailaren 22an bukatuko da aurkezteko epea.

1.250 metro koadro

Eraikinak 1.700 metro koadro ditu lau solairutan banatuta –sotoa, beheko solairua, lehen solairua eta teilatupea– eta horietatik 1.250 metro koadro erabiliko dira. Guztiz eraberritu gura da eraikin hori, eta bertan kokatu osasun etxean ematen diren zerbitzu guztiak. Hala, zehaztu beharko dituzte, besteak beste, lehen mailako arretari dagozkion gunea –medikuntza orokorreko bost kontsulta, beste horrenbeste erizain gela eta pediatriaren kontsulta–, odola ateratzeko, sendaketak egiteko eta beste proba batzuetarako gunea, baita larrialdietakoa ere; eta ginekologia gunea –hiru kontsultarekin eta erditze-unea gertatzeko gelarekin–.

Gainera, COVID-19ak agerian utzi du gainerako gaixoekin harremanik izan gabe arreta eman beharra osasun etxeetan, eta hori ahalbidetzeko kanpoko sarrera independentea eta aparte egongo den artatzeko gunea izan beharko ditu.

Gizarte Zerbitzuei ere egingo diete lekua han, teilatupean.

Erretiratuak, komentura

Osasun etxe berriak ekarriko du erretiratuen elkartea handik atera beharra. Komentura pasatuko dira horiek. "Jaurlaritzak lehenbailehen hasi gurako ditu lanak; hortaz, geu ere mugitu beharrean izango gara", adierazi du Unai Elkoro alkateak, eta proiektuaren kontratua egunotan sinatu dutela onartu: "Nola finantzatu aztertu beharko dugu ondoren, eta zelan egin lanak, zatika, adibidez; hain zuzen ere, proiektuan bertan aurreikusita dago hala egitea".

Biribilgunearen lanak, lehiaketara

Basabeko bidegurutzean –GI-627-31 lotunea– biribilgunea egiteko lanen proiektuaren lehiaketa deitu du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Kontratuaren aurrekontua 198.534 euro da –BEZa barne– eta horiek aurkezteko azken eguna, uztailaren 30a.

Basabeko bidegurutzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak