Aretxabaletako Udalak bertan behera utzi ditu Andra Mari jaiak

Imanol Beloki Unamuno 2020ko uzt. 16a, 16:41

Iaz, Andra Mari egunean, Milagroko bandaren saioa.

Udalak bertan behera utzi ditu andramaixak. Erabaki hau jaiak programa murriztuarekin ospatzeko aukera baloratu ondoren hartu da, eguneko ekitaldiekin soilik eta COVID-19aren ondoriozko egoerara egokituta; betiere, osasun eta urruntze neurriak betez.

Ez da festarik izango, baina Andra Mari egunean ospakizunei keinu bat egingo zaie ekitaldi sinboliko batekin. Ohi denez, abuztuaren 15ean, Milagroko musika taldeak kontzertua eskainiko du herriko plazan. Edukiera mugatua izango da eta ikusleak elkarrengandik urrun dauden aulkietan jarriko dira.

Unai Elkoro alkateak adierazi duenez: "Zuhurtziaz jokatzea eta erantzukizun publikoa lehenestea dagokigu, nolabait pilaketak eragin ditzaketen egoerak saihesteko. Gure helburua herritarren segurtasuna eta osasuna zaintzea da".

Azken egunotan Udala herriko hainbat eragilerekin bildu da, jaiak bertan behera utzi dituztela jakinarazteko. "Faktore asko baloratu behar izan ditugu. Bere garaian esan genuen egoerak uzten bazuen errealitate berrira egokitutako jaiak antolatuko zirela, baina osasuna da lehentasuna", gaineratu du Elkorok.

Kultura jarduerak antolatzeko arrazoiari dagokionez, eta jaiak zergatik ez diren ospatzen, alkateak zehaztu du ekainetik egiten ari diren kaleko ikuskizunen programazioak edukiera mugatuak eta segurtasuna bermatzen duten antzeko neurriak betetzen dituela. "Festetan jende asko biltzen da eta pilaketetarako pizgarriak eskaintzea saihestu behar da, nabarmendu du Elkorok. Azkenik, Andramaixak 2021ean inoiz baino gogotsuago itzuliko direla dio Udalak. Era berean, herritarren erantzukizuna eskatu du prebentzio neurriak bete ditzan.

Portasolekoak, bertan behera

Uztailaren 16tik 19ra egitekoak ziren Portasolgo jaiak ere bertan behera geratu dira. Izan ere, Udalak eta jai batzordeak lanean jardun dute normaltasun berrira egokitutako jai egitaraua gertatzeko, baina, hain zuzen ere, azken astean "koronabirusa izaten ari den joera ikusita", Udalak jaiak bertan behera uztea erabaki du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak