Asteazkenean, hilak 15, Aretxabaletako plazan izango da ikuskizuna, 19:00etan. "Bizitza tonbola bat da" ideia abiapuntutzat hartuta hasi ziren lana inprobisatzen, eta, esan dutenez, Europaren inguruko "kritika zorrotza" da emaitza: "Europaz hitz egin nahi genuen. Europako muga eta territorioez, nahi genuen askatasunaz, giza mugimenduaz, migrazioaz, enpatiaz, solidaritateaz…"
Ikuskizunak tonbolero familia batek Europan bizirauteko egin beharrekoak kontatzen ditu, eta azaldu dutenez, zozketak egiten dituzte: "Denetatik zozketatzen dute: oliba bilketarako lan kontratuak, Danimarkarako familiak, ogi txigorgailua, maskarillak, bizitza sexuala berpizteko audioliburuak, Made in Libia markako paterak, eta horrez gain, Eurovisionen parte hartzeko bi gonbidapenen balioa duen urrezko txartela". Umore absurdoak eta errealitate "krudelak" bat egingo dute antzerkian.
Koronabirusaren krisiak sormen prozesuan harrapatu zituela ere esan dute, eta COVID-19a ekoizpenean eta dramaturgian barneratu dutela.
Hainbat bereizgarri dituen ikuskizuna
Hizkuntzari dagokionez, euskara, gaztelania, ingelesa, frantsesa eta katalana uztartuko dituzte, besteak beste, eta diziplinak direla-eta, antzerki fisikoa, panpinen manipulazioa, dantza, kantua, testu lana, umore absurdoa eta kabareta.
Bestetik, ikuslea "erdigune" izango dela ere gehitu dute: "Beharrezko metroak mantenduta ere, ez da mugarik izango gu eta ikusleen artean. Tonbola honek ez du mugaz ulertzen".