Joan den egubakoitzean eman zioten hasiera Hemengaz ekimenaren bueltan antolatutako egitarauari, eta oraingoan ere musika izango da ardatz. Otala Zelaik izandako arrakasta ikusirik, hango oholtzara igoko dira bihar, zapatua (19:00), Petti beratarra eta John Galdos aretxabaletarra. Biak ala biak gitarra lagun hartuta gerturatuko dira, eta rock eta folk ukituak dituzten doinuekin girotuko dute Aozaratza auzoko zelai ezaguna.
Loramendik, Lekaixoka bertso eskolak, UDAk eta Basotxok egin dute bat, besteak beste, kultura suspertzeko ahaleginarekin, eta Udalaren babesa jaso dute ekimen horretan.
Ildo horretatik, Loramendiko Toponimia taldekoek arratsalde guztirako plana egin gura izan dute biharko. "Herriko Plazan, 82. kilometroa adierazten duen harrian, elkartuko gara eta gidatutako ibilaldia egingo dugu; Oro eta Larrino auzoetatik bueltan iritsiko gara Otala Zelaira".
Eguenetako zinemari ere ekin diote, eta hurrengo astean, hilaren 16an, Animadeba ikus-entzunezkoa eskainiko dute (22:00) Portasol auzoan.
Hemendik eta hilabetea bukatu artean beste hainbat ekitaldi izango dira: hilaren 16an, Etxekalte bermeotarren kontzertua, Portasolen; 24an, Jaiki elkarteak eta Joe Piemanek eskainitako 1,5 ikuskizuna; 25ean, Rodeo taldearen kontzertua; eta 31n, doke txapelketa.