EH Bilduk proposamena helarazi dio Udal gobernuari zinegotziaren lan jardunaren murrizketa dela eta

Mirari Altube Arrese 2020ko uzt. 8a, 09:58
EH Bilduko zinegotziak.

2020ko aurrekontua doitu beharrean dago Udala osasun krisiak sortutako egoeragatik eta Udal gobernuak orain dela hilabete inguru proposatu zuen liberatuta dauden bi zinegotzien lan jarduna %55era murriztea, besteak beste. EH Bilduk beste proposamen bat egin du orain, eta gaur, eguaztena, egingo duten osoko bilkuran eztabaidatuko dute.

Udal aurrekontuaren doiketaren gaineko erabakia hartzeko bilera egin zuen atzo EH Bilduk, eta horren ondoren, agerraldia egin zuten horren berri emateko. Erabakia hartzeko mahai-gainean izandako irizpideak honako hauek izan direla aipatu zuten: zerbitzu publikoak indartzea, murrizketarik ez onartzea, gastuak zuhurtzea eta Udaleko bideragarritasuna bermatzea. "Gure helburuak lortu ditugula esan ahal dugu lasaitasunez eta harrotasunez", adierazi dute eta gaineratu: "Hasieran proposatutako hainbat arloko murrizketak bertan behera uztea lortu dugu".

Liberatuta dauden bi zinegotzien –EAJkoa bata, EH Bildukoa bestea– lan jarduna murriztea ere proposatu zuen Udal gobernuak. "Denon aldetik esfortzuak egitea eta dirua aurreratzea konpartitzen dugu, murrizketak onartu gabe eta zerbitzu publikoak ahuldu gabe. Gure proposamenak zentzu horretan joan dira: dirua aurreztu baina lanerako ahalmena mantendu", adierazi dute.

Plan orokorrari eutsi

Agintaldiaren hasieran EAJren eta EH Bilduren artean hitzarmena sinatu zutela azaldu zuten, eta hor adostu Udal Plangintzako Batzordea EH Bilduren zinegotzi baten esku geratzea Plan Orokorra (HAPO) garatzeko. Eta horretarako Ion Albizu zinegotziaren "dedikazioa handitu" egin zen –aurreko agintaldian lan jardun erdia zuen–. Murrizketak iritsi arren, horren aldeko apustuari eutsi egin gura diote: "Une honetan HAPOarekin dugun konpromisoa blindatzea eta bermatzea nahiko genuke adostasuneko bidea delako prozesua amaitzeraino ailegatuko delakoaren berme bakarra".

Hori horrela, Udal gobernuari honako proposamena helarazi zioten atzo bertan: zinegotziaren lan jarduna %75ean uztea –%50a HAPOa garatzeko eta %25 EH Bilduri eskaintzeko–; Udalak talde politikoei egiten dien ekarpenetatik 5.000 euro kendu eta aurrekontura bideratzea; eta zinegotziak, dagokion aparteko bi ordain-sariei uko egitea. Azken hori zinegotziaren erabaki pertsonala izan dela adierazi dute, eta herriko EH Bilduren babes osoa jaso du. "Gobernuak egindako proposamen bera da ekonomikoki, HAPOarekin dugun konpromisoa mantentzen dugu baina baita gure taldearen lana bermatu ere".

Zinegotziaren jarduna zein Udal aurrekontuaren doiketa gaur, eguaztena, udalbatzak egingo duen osoko bilkuran eztabaidatuko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak