Uztailaren 12an 5.455 aretxabaletar daude deituta botoa ematera, eta Ibarra kiroldegira joan beharko dute horretarako. Zortzi hauteskunde-mahaiak elkarrengandik urrun jarriko dituzte kiroldegiko kantxan: horietako lau harmailen azpian, eta gainerakoak parean. Boto-emaileen sarrera antolatuko da, distantziei
eta zirkulazioaren noranzkoari buruzko jarraibideak adierazita. Kantxan edukiera mugatu egingo da pilaketak ekiditeko eta zuzenean sartuko da kiroldegiko harreratik igaro gabe.
Hauteslekuak 9:00etatik 20:00etara irekiko ditu bere ateak, eta denbora horretan ezin izango da futbol zelai berriaren aurrean aparkatu, botoa emateko automobilean joan behar duten herritarren joan-etorriak errazteko. Autoak Ederlaneko aparkalekuan ere utzi ahal izango dira.
Botoa emateko gomendioak
Udalak emandako gomendioak:
- 1. Bozkatzera joan aurretik, etxeko postontzian jasotako errolda-txartela berrikusi; botoa emateko atala eta mahaia zeintzuk diren zehazten da han.
- 2. Maskara jantzita eraman behar da eta bozketa egiteko unea baino lehen kendu ahal izango da identifikatzeko.
- 3. Derrigorrezkoa izango da eskuak garbitzea hauteslekuaren sarreran eskura egongo den gel hidroalkoholikoarekin.
- 4. Botoa etxetik prest eramatea gomendatzen da ahalik eta kontaktu gehien saihesteko.
- 5. Mahaietako kideek higiene eta babes jarraibide berberak jarraituko dituzte.
- 6. Boto-emaileak sartuko du botoa hautetsontzian.
- 7. Ilarak sortuz gero, lehentasuna emango zaie 65 urtetik gorakoei, haurdunei eta desgaitasuna duten pertsonei.