Kultura sortzaileei lekua egingo diete uztailean

Mirari Altube Arrese 2020ko uzt. 3a, 12:54

Gaur, egubakoitza, emango diote hasiera Nhil taldeak komentuan egingo duen kontzertuarekin, eta bihar, bertso saio musikatua izango da Otala Zelain, Lekaixoka bertso eskolakoen eskutik; zinema ere eskainiko dute eguen guztietan.

Gu be hemen gaz leloarekin herriko elkarteek babesa eskaini zioten Hemengaz ekimenari apirilean, eta elkarlanerako borondatea agertu zuten. Hori abiapuntu hartuta, eta kulturak eta kultur sortzaileek ere garai zailak bizi dituztela jakinik, egitarau zabala gertatu dute uztailerako.

Elkarteekin elkarlanean

Loramendi elkarteak hartu du antolakuntzaren gidaritza, hainbat elkarteren babesarekin. "Kultur arloak zaplazteko handia jaso duela argi dago, eta guk, kultur elkarte garen aldetik, zerbait egin beharra sentitu dugu", adierazi du Loramendi elkarteko teknikari EÒaut Zubizarretak, eta gaineratu: "OÒatiko Udala ekainean hasi zen ekitaldiak antolatzen eta hori pizgarria izan zen guretako. Han galdetu genuen hartutako segurtasun neurrien gainean lanean hasteko".

Behin ideia buruan, herriko beste elkarte batzuengana jo zuten elkarlan bila: "Baliabideak eta antolakuntza lanak partekatzeko eta ekonomikoki laguntzeko. Begi onez ikusi zuten". Taldeen artean daude UDA, Lekaixoka eta Basotxo, besteak beste. Eta Udalaren babesa ere jaso dute. Hortik abiatuta ahalik eta eskaintza "zabalena" gertatzen ahalegindu dira, herriko txokoei –asko ohikoak ez direnak– balioa emanda.

Nhil eta Lekaixoka asteburuan

"Kontzertuak izango dira nagusi, baina beste era bateko ekitaldiak ere badaude: bertso musikatua, dantza, zinema… Aurrekontu murritza izan arren programa polita geratu dela uste dugu", dio Zubizarretak.

Lehenengo ekitaldia Nhil taldearen kontzertua izango da; gaur, 22:00etan, mojen komentuan. Leintz aldeko musikari gazteek osatutako taldeak kanta goxoak eskainiko ditu.

Zapatuan, ostera, bertso saio musikatua izango da, Otala Zelain, 19:00etan. Lekaixoka bertso eskolak bideratu du hori eta parte hartuko dutenen artean daude Arana ahizpak, Ramon Iturricastillo, Mikel Mendiaratx, Ibai Alberdi eta Martin Berrizbeitia. Ibon Leibar bergararrak jarriko dizkie gaiak eta Aitor Ziardegik eta Andoni Aranak musikarekin egingo diete lagun.

Lekaixokako kideek gomendatu dute denboraz joatea lekua hartzera, eta eskatu dute 1,5 metroko distantzia mantentzea entzuleen artean –hala bada, musuko barik egon daiteke– eta aulkiak lekutik ez mugitzea.

Herrikoak eta entzutea dutenak

Egitaraua osatu dute herriko sortzaileekin eta entzute handikoekin. Hala, Jon Ander Galdos aretxabaletarrak emanaldia eskainiko du hurrengo egubakoitzean, baita Petti nafarrak ere. Etorriko diren beste bi talde dira Rodeo eta Fears Away, eta oraindik lotzeko dituzten beste hainbat ere izango dira. Doke txapelketa ere egingo dute hilabete bukaeran.

Zinemari ere egin diote lekua, eguenetan, eta ikus-entzunezko "interesgarriak" –euskarazko azpitituluekin– eskainiko dituzte herriko txoko ezberdinetan.

Uztailak 9

  • Beltza naiz Frontoi gorrian.

Uztailak 16

  • Animadeba Portasol auzoan.

Uztailak 23

  • Janis Kuartel zaharrean.

Uztailak 30

  • Tomboy Felix Iñurrategi parkean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak